Jaiak hasi bezain laster izango dute gaztetxoenek festaz gozatzeko aukera. Bitorianatxo jaitsi ostean, 20:30erako, haurrentzako eta gurasoentzako parrilada antolatu dute Oxirondo Aisialdi Guneko gurasoek, Seminarioko karpan. Tripa ondo beteta, gerria mugitzeko aukera izango dute txikienek, 22:00etan, DJ Porru-rekin, dantzaldian.
Bigarren egunean, goizetik hasita eta azken urteetan bezala, ongietorria egingo zaie iazko Pentekosteetatik hona mundura etorri diren haurrei, 11:30ean, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Ondoren, guztiek batera, argazkia aterako dute udaletxe atzean, San Pedro kalean. Eguerdian, 12:00etan, zezentxoen aurrean trebatzeko aukera izango dute txikienek, errekortadore eskola ibiltariak antolatuta, zezen-plazan, bi euroren truke. Arratsaldean, buruhandi eta kilikiekin gozatu ahalko da, herriko kaleetan zehar, 17:30ean hasita.
Domekan, goizeko hamaiketarako, goitibehera zirkuitua antolatu dute Herrilagunak kalean, eta plazan, duela 38 urtetik artista txikien bilgune den Simon Arrieta plastika sariketa egingo dute. Arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara, Jolasen Eko-txokoa egongo da Arrizuriaga azpiko jolasparkean. Kuadrillen Egunean ere, astelehenean, Honolulu haur erromeria izango da San Martin plazan, arratsaldeko zazpi eta erdietan.
Umeen Eguna, martitzenean
Txikienek gogotsu hartzen duten eguna izan ohi da martitzena. Aurten ere, Ipintzako patioan jarriko dute jolas-parkea, eta goizez (10:00-14:00) eta arratsaldez (17:00-20:00) egongo da puzgarrietan saltoka aritzeko aukera. Horretaz gain, astelehen goizean barraketako bidaia erdi prezioan egongo da –1 euro ohikoetan eta 1,5 euro berezietan–, baita martitzenean ere, egun osoz.