Ehundik gora kide ditu egun Bergarako erraldoi taldeak, gehienak haurrak, eta haientzat, bereziki, diseinatu dute taldeko erraldoi berria: Bitorianatxo. "Betikoak handiegiak dira haurrentzat eta ezin dituzte erabili. Azken urteetan, tamaina txikikoak gehitu ditugu, eta, hobeto moldatzen direla ikusita, berri bat sortzea erabaki dugu", azaldu dute konpartsako kideek. Herriko ikur izateaz gain, Bitorianatxo aukeratu izana ez da kasualitatea: "Gabonen bueltan Bergarako kolore erraldoiak liburua argitaratu genuen. Umeek gustuko dituzte kontatzen diren istorioak, eta bertako protagonistak erraldoi bihurtu nahi izan ditugu". Hala, Bitorianatxo berriarekin, hemezortzi dira, guztira, taldeak dituen erraldoiak; horietako asko, herriari biziki lotuak: Guti eta Felixin eta Elhuyar anaiak, esaterako.
Torrejondik, Deustutik eta Urretxutik
Urtero hainbat lekutako gonbidatuak ekartzen dituzte herrira Bergarako Erraldoi Taldekoek (BET), eta egun hauek aprobetxatzen dituzte elkar ezagutzeko eta, kanpotik etorritako erraldoiak erakusteko. Aurten, Deustuko, Urretxuko eta Torrejon de Ardozko kideak izango dituzte Pazkoetan. Iaz ezkero, elkartruke gurutzatu batean parte hartzen ari dira bergararrak, eta programa horren baitan jaso zuten iazko jaietan Reuskoen bisita. Urrian Bergaratik Torrejonera joan ziren eta orain, haiek dira herrira datozenak. Irailean egingo dute Reusera bidaiak BETekoek.
Egun osoko egitaraua
Larunbatean 13:00etan aurkeztuko dute, plazan, bitorianatxo berria. 11:30ean, talde gonbidatuak kalejiran joango dira Espoloitik San Martin plazaraino; eta ondoren, dantza erakustaldia egingo dute bertan. Goizean, umeendako puzgarriak eta jokoak izango dira San Martin plazan, baita krispeta-makina ere. Kanpoko taldeekin bazkaria egin ostean, arratsaldean kalejiran ibiliko dira denak, herrikoak zein kanpokoak.