Urtero bezala, jaiak ilustratzeko irudia lehiaketa bidez aukeratu du Udalak. Aurten, bost lan aurkeztu dira, eta astebetez udal webgunean ikusgai egon ostean, herritarrek gustukoena bozkatu dute. Hala, Mariñe Jauregirenak eskuratu ditu herritarren aldetik boto gehien: 388 pertsonatik, 157k bozkatu dute. Era berean, Udaleko ordezkariek ere kartel bera aukeratu dute gogokoen bezala.
"Argi nuen jaietako ikur den Bitorianatxori eta herritarrei eman nahi niela protagonismoa, eta uste dut jaitsiera dela festen irrika hori irudikatzen duen unea", kontatu du Jauregik. Sortze prozesuaz galdetuta, hauxe azaldu du: "Lehenengo bozetoa arkatzez egiten dut eta koloreak eskuz gehitzen ditut, baina gero, ordenagailura pasatzen naiz, hobetu eta azken ukituak emateko".
Arte Eder ikasketak bukatzear da Mariñe Jauregi, eta sorkuntza eta ilustrazioa ditu espezialitate. Lehen aldiz aurkeztu du bere lanetako bat lehiaketa batera, eta irabazle irteteak "ezustean" harrapatu duela aitortu du. Sari modura, 400 euroko bonua jaso du, herriko komertzioetan gastatzeko.
Inoizko parte hartze handiena
Zapiei dagokienez, nagusien irudi irabazlea Nagore Aranburuk egindakoa izan da, eta haurren kasuan, Noa Lezetak egin duena. Horretaz gain, aurten lehen aldiz leloak bakarrik aurkezteko aukera egon da eta Uxue Larrañagarenak irabazi du: Hitz eta pitz gu euskaraz gabitz! Jarduneko ordezkariek diote inoiz baino lan gehiago aurkeztu direla, eta jakinarazi dute zapiak euren egoitzan eta herriko zenbait tabernatan erosi ahalko direla, 3 eurotan. Ekainaren 6an Irizar kalean eta 7an plazan jarriko duten postuan ere salduko dituzte.