Arratsaldeko 19:30ean zuten hitzordua atzo Bergarako Kopla Barik bertso eskolakoek eta Aretxabaletako Lekaixokakoek, eta Osintxuko Txuringo taberna kanpoan bilduta ekin zioten bertso desafio musikatuari. Talde bakoitzetik sei bertsolari aritu ziren kantuan eta saio musikatua izanda Aitor Ziardegi eta Oier Sarasua ibili ziren lan horretan. Gai jartzaile aritu zen Ibon Leibar Txinbo-k azaldu duenez bai musikariek, bai bertsolariek "lan polita" egin zuten.
Lagun arteko giroaren seinale, eta finalera iritsi ziren bi bertsolariak "oso ondo" aritu zirela eta desafioa berdinketan uztea erabaki zuten hiru epaileek; bergararra bat, Aretxabaletakoa bestea eta Osintxukoa azkena. Hala, Aretxabaletako Martin Berrizbeitia eta Bergarako Gari Lopez de Muniain nagusitu ziren.
"Giro ona" azpimarratu eta bergararrak zein aretxabaletarrak "oso gustura" ibili zirela azaldu du Leibarrek, bi eskolen arteko harreman onaren seinale. "Osintxuko jendeak asko eskertu zigun bertara joan izana eta oso ondo tratatu gintuzten" dio, eta harrera ikusita "errepikatzeko gogoz" geratu direla aitortu du.