Musika Eskolako Haurren abesbatzak eta Orfeoi Gazteak emanaldia eskaini dute gaur arratsaldean. Lehenengo haurren txanda izan da; Marije Ugalde zuzendariaren eskutik lau abesti eskaini dituzte. Ondoren, Bergarako Orfeoi Gazteak abestu du, Aitor Garitanoren gidaritzapean. Eta, emanaldia amaitzeko Bring me Little water, Silvy lana elkarrekin abestu dute bi abesbatzek. "Ondo joan da dena, pozik gaude emanaldiak emandakoarekin", azaldu du Garitanok.
Zubi lanak
Ahotsak batuz ekimenaren helburua zubi lana egitea da: Musika Eskolan 5 urtetik aurrera has daiteke abesbatzan. Hasiberrien abesbatzan 9 urtera arte; Haurren abesbatzan 13 urtera arte; eta, ondoren Orfeoi Gaztean. Bada ekitaldiaren helburua abesbatza horien arteko zubi lana egitea da.
Bihar, Leioako Gazte Abesbatzarekin
Bergarako Orfeoi Gazteak beste kontzertu bat eskainiko du bihar, zapatua. Mariaren Lagundiako elizan izango da, 19:00etan. Leioako Gazte Abesbatzarekin batera eskainiko dute kontzertua. Lehenengo abesbatza bakoitzak bere saioa egingo du, eta amaieran elkarrekin abestuko dute Imagine eta Lau teilatu.