Ikerketa egiteko eta gida didaktikoa gauzatzeko, Gipuzkoako hainbat gaztelekuren eta ikastetxeren laguntza izan dute; Bergarako Ipintza Institutuarena, esate baterako. Hori dela eta, elkarrekin joan ziren Bergarako udaletxera, Hezkuntza, Gazteria eta Partaidetza Sailari gida aurkeztera eta ikerketaren ondorioak kontuan hartuta harreman hauek zelan kudeatu azaltzera. Hain zuzen, Medicus Mundi Gipuzkoak gaineratu du gida horien edukien inguruko jardunaldi batzuk egitea aurreikusi zutela bileran.
Ipintza Institutuko Begoña Onkala irakasleak "oso positiboki" baloratu du proiektua: "Argitaratu duten materiala oso egokia eta praktikoa da eta institutuan egoki erabili ahal izateko beste formakuntza saio bat jasoko dugu aurki irakasleok".
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako argitalpen horiek elkarlanean gauzatu dituzte Medicus Mundi Gipuzkoak, Farapi Kooperatiba Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Medicus Mundi Gipuzkoak lankide duen Peruko Movimiento Manuela Ramos erakundearekin batera.
Arrail digitala
Ikerketaren ondorio "nagusia" gazteen eta helduen arteko arrail digitala da: "Helduek ulertu eta onartu behar dute nerabeen arteko harremanak beste modu batean eraikitzen direla, baina horrek ez du zertan negatiboa izan. Sare sozialak kriminalizatzeari utzi behar diote eta munduari buruzko euren ikuskera deseraiki, nerabeek bizi duten errealitatearen inguruko ulermen egokiagoa eraikitzeko", azpimarratzen du Maggie Bullen Euskal Herriko Unibertsitateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko irakasle eta ikertzaile taldeko kideak.