Bergaratik San Juan auzora doan errepidea "hobetzea" EAJrentzat "lehentasuna"

Itziar Larrañaga Sarasola 2019ko mai. 23a, 17:28

Elena Lete eta Aintzane Oiarbide San Juan auzoan.

Elena Lete Bergarako alkategaiak eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatu eta Elgetako alkategaiak San Juan auzorako EAJk proposatzen dituen lanen berri eman dute gaur. Auzoan bertan izan dira bi politikariak eta Letek azpimarratu du, proposatzen duten obrak industria jarduera “nabarmen hobetuko duela, errepidearen trazatua eta profila zuzenduta”.

Bergaratik San Juan auzora doan errepidea “hobetzea” EAJren “lehentasunezko helburua” dela esan du Elena Letek: "GI-627ra sarbide nahiko erraza badute ere, beharrezkotzat hartzen dugu errepidearen trazatua eta profila zuzentzea, tamaina handiko garraioak ez dezan izan gaur egun dituen zailtasunak gehiegizko peraltea edo aldapagatik”. Alkategaiak gaineratu du badagoela “bereziki kurba bat, Zabaleta parean, bolumen eta zama handiko garraioari buruhaustea sortzen diona”.

Zehaztasunekin jarraituz azaldu du “konplexutasun handia” duen proiektu bat dela. Gaur proposatu duten obraren diseinuak "trafikoa txandaka antolatuta” izatea eskatuko du, "Amillagako industrialdetik datorren trafika moztu behar izan gabe”. Industria jarduerarako ez ezik, inguruko baserrietan bizi direnen "mesederako" ere izango dela nabarmendu du Letek, "bai Uberak eta bai San Juan auzoak sarbide erosoagoa eta seguruagoa” izango dutelarik.

Era berean, Bergarako alkategaiak azpimarratu du "San Juan, Aribar eta Larramendiko industrialdean 200.000 m2 daudela eraikita, eta oraindik ere aukera dagoela enpresa berriak bertara joateko, batez ere Larramendin”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak