Bilboko gasteiztar moduan aurkezten du bere burua Birkit Alonsok. Musika proiektu askotan ibili ondoren, besteak beste, Eorann (pop-noise-rocka) eta Red Carmine (shoegaze-rocka) taldeetan, bakarlari formatuan ari da azkenaldian, eta hala egingo du biharko Seminarixoko emanaldia ere. Euskaraz eta ingelesez kantatutako abestiak zuzeneko elektrikoan interpretatzen ditu; bere kantutegian indie folk-rocka eta euskal kantagintza uztartzen ditu.
Eskarmentu handiko Eibarko Miren Narbaiza musikariak hartuko du mikrofonoan lekukoa. Luzaroan Napoka Iria taldean aritu ondoren eta gerora beste bide batzuk zabalduta –Perlak, Joseba B. Lenoir, Dual Split...–, Mice, bere proiektu pertsonalena, abiatu zuen. Joseba Baleztena gitarra-jole ezaguna eta Perlak taldeko Ilargi Agirre lagun dituela, pasarte oso melodikoak eta gitarreroak edo distortsio handikoak uztartzen ditu Mice taldeak.