Herriko artisten lanak gertutik ezagutzeko eta, bide batez, horiek erosteko "aukera paregabea" egongo da domekan. Beart eguna ospatuko dute; eta hainbat berrikuntza izango ditu aurtengo edizioak. Leku aldaketa izango du aire libreko erakusketak: "San Martin plazan egin izan dugu, baina konturatu gara pasoko lekua dela, jendea ez dela han geratzen; Irala kalean, aldiz, jendea egoten da, eta, horregatik, Irala kalera aldatuko ditugu erakusketa eta azoka", azaldu du Bearteko presidente Karlos Galarragak.
Domekan Irala kalean egongo dira 11:00etatik 14:30era arte. Formatu ertain eta handiko obren erakusketa izango da: olioak mihise gainean, akuarelak, akrilikoak... erakutsiko dituzte, besteak beste. Galarragak azaldu du Bearteko hogei bat kideren lanak jarriko dituztela ikusgai domekan egingo duten erakusketan.
'Bezoka': Beart azoka
Erakusketarekin batera, Bezoka ere egingo dute Irala kalean. Berritasuna izango den azoka da; helburua da herritarrei aukera eskaintzea Bearteko kideen artelanak erosteko. "Obra arinak izango dira: akuarelak, kopiak... jendeak erosteko modukoak, prezio egokian", azaldu du Ga-larragak. Formatu txikiko obrak izango dira, eta gutxieneko prezioa 5 euro izango dute eta gehienezkoa 40 euro. "Ez dago aitzakiarik Bergarako artisten lanak ez erosteko!", gaineratu du Bearteko presidenteak.
Irala kalea girotzen DJ Turtukiña ibiliko da: zuzeneko musika elektronikoa jarriko dute goiza girotzeko. Gainera, Irala kalean toldoak jarriko dituzte; hala ere, eguraldi txarrarekin San Martin plazan egingo litzateke.
Egitarauarekin jarraitzeko, bazkaria izango dute Bearteko kideek Erreki jatetxean. "Erakusketan parte hartu edo ez, bazkideen arteko bazkaria izango da. 35 bat lagun elkartuko gara", dio Galarragak.
Omenaldia Juanjo Altunari
Bestalde, Juanjo Altuna Akizu (Arrasate 1943) omenduko dute bazkalostean: "Iaz, esaterako, ez genuen inor omendu; aurten, bazkide baten proposamena izan da Juanjo omentzea", azaldu du Galarragak. "Egindako lana" eskertu gura diote Altunari. "Beti egon da Bergarako margo taldean sartuta, Bergarako margolari gazteei laguntzen, erakusten... ehunka sari lortu ditu, pintura irakasle da eta oraindik aktibo dihardu Beart eta Bergara izena aire ageriko margo lehiaketetan zabaltzen", nabarmendu du Bearteko presidenteak.