Bergarako Udal Pilotalekua herriko musikarien epizentro bilakatu zen atzo, Udaberriko Jai Kontzertuaren 30. urtebetetzean. Biolin txiki taldekoak izan ziren oholtzara igotzen lehenak, eta euren atzetik etorri ziren, txistulariak, trikitikoak eta dantzariak, eta hasiberrien abesbatzakoak. Azken hauek, lehen aldiz interpretatu zuten jaialdiaren izena duen Udaberriko Jai Kontzertua abestia, Marije Ugaldek berak konposatutakoa, hain zuzen.
Gazte Bandakoek hartu zuten lekukoa jarraian, eta jotako abestien artean Chuck Berry handiaren You never can tell harribitxia zegoen. Ostean, orkestrakoen txanda heldu zen. Ohi bezala, emanaldi sendo eta trinkoa egin zuten, eta lehen aldiz gitarra bakarlari batekin pieza bat jo ere, Romanza izenekoa. Maria Borislabova aritu zen solista gisa gitarra klasikoarekin, eta Ugalderen hitzetan emaitza "ikusgarria" izan zen. Orkestrakoen emanaldiaren azken zatian abesbatzako kideen laguntza izan zuten, eta elkarrekin interpretatu zuten, besteak beste, Jon Rutter maisuaren pieza bat.
Emanaldi amaitzeko, Eskolako Martxa jo zuten orkestrakoek, bandakoek eta abeslariek, denek batera.
Jaia, ordea, ez zen bertan amaitu. Afaria egin zuten, behin frontoiko emanaldia bukatuta, eta ostean, talde modernoen lehiaketa egin zuten. Sei talde aritu ziren lehian, combo formatuan, eta Black Lemon taldea izan zen irabazle, bigarren postuan geratu zen Sharonna taldearen aurretik.