Soraluce BKEk agur esan dio ametsari

Xabier Urtzelai 2019ko mai. 19a, 10:49

Igoera faseari oraindik jardunaldi bat geratzen zaionean Soraluce BKEk agur esan dio ametsari. Josetxo Muniategiren taldeak 24-27 galdu zuen atzo Legazpiren kontra: "Aspaldian ez genuen halako kolperik hartzen, baina emango diogu buelta. Oso justu iritsi gara fasera, eta igarri egin dugu".

Egun batzuk beharko dituzte Soraluce BKEko jokalari eta teknikoek atzo jasotako kolpea barneratzeko. Legazpiri irabazita ere, datorren astean ere ez zuten erronka makala izango, baina atzo 24-27 galduta aukera guztiak galdu dituzte: "Aste barruan egingo dugu lasai berba, eta datorren asteko partidura konpetitzera joango gara, ezin dugu onartu aukerarik ez daukagulako lasai joan eta 25 goleko aldeagatik galtzea", dio Muniategik.

Ondo hasi ziren, eta salbuespena zen

Atzoko partiduko hasierako minutuek esperantza piztu zuten bergararren artean. Etxekoek ondo hasi zuten partidua: "Eta igoera fasean hori salbuespena izan da, normalean partiduak nahiko txarto hasi izan ditugulako. Baina, poliki-poliki Legazpi esnatzen joan zen: "Eta euren jokalarietako batek sekulako mina egin zigun, bederatzi gol egin zituen guztira, eta ez genuen hura geratzeko mordurik aurkitzen". 

Bergarako taldeak defentsan oinarritzen du neurri handian jokoa: "Aurrean ez dugulako gol mordoa egiteko gaitasunik", baina atzo ez ginen bestetan bezain txukun ibili. Jokalariak justu iritsi dira fasera, fisikoki eta mentalki, eta hori igarri egin da".

Mailari eustea zen helburua eta fasera sailkatu dira

Porrotaren osteko biharamuna ez da momentua urteko balorazioa egiteko: "Orain momentuan atsekabe handia dugulako", baina taldeak kategoriari eusteko helburuarekin hasi zuen urtea, iazko sufrikarioak ez errepikatzea zen gura zutena, eta konturatu orduko igoera fasera sailkatu dira.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak