Udaberriko kontzertua eskainiko dute musika ikasleek bihar

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko mai. 17a, 14:06

Musika Eskolako ikasleek Udaberriko kontzertua eskainiko dute bihar, zapatua, Udal Pilotalekuan. Aurtengoa urteurren borobila izango da: 30. jai-kontzertua eskainiko dute musikariek eta taula gainera igoko dira 350 bat ikasle. 19:00etan hasiko da ekitaldia, eta Musika Eskolako zuzendari Marije Ugaldek azaldu du "denetarik" entzuteko aukera egongo dela.

Kontzertua eskolako txikienek hasiko dute, eta horiek biolina joko dute. Jarraian, perkusionistak, txistulariak, trikitilariak eta dantzariak igoko dira taulara. Dantza herrikoiak eskainiko dituzte. Marije Udaldek aurtengo Udaberri kontzerturako propio sortu duen Udaberriko jaia abestia interpretatuko dute ondoren Hasiberrien abesbatzak eta akordeoi taldeak. "Aurtengo ekitaldirako sortutako abestia izango da hori", dio Ugaldek. Musika Eskolako Gazte Bandak ere izango du protagonismoa bihar. Hiru obra eskainiko dituzte, eta azkenengo obran, haurren abesbatzaren, hasiberrien abesbatzaren, ahots teknika ikasleen, musika tailerreko ikasleen, koraleko ikasleen, hizkuntza musikaleko ikasleen eta kantu ikasleen laguntza izango dute. Ondoren, Ostadar zuria abestuko du haurren abesbatzak, pianoak eta perkusioak lagunduta.

Bacarisseren 'Romanza' pieza

Ekitaldiak amaieran izango du puntu gorena. Maria Borislavova gitarra joleak orkestrarekin batera joko du. Salvador Bacarisse musikariaren Romanza pieza ezaguna eskainiko dute. Doinu ezagun batetik beste batera pasako dira jarraian. Izan ere, Piratas del Caribe filmeko soinu banda eskainiko dute. Amaitzeko, hasiberri eta haurren abesbatzek eta kantu ikasleek John Rutter musikariaren Look at the world eskainiko dute.

Amaitzeko, ohikoa den moduan, Musika Eskolako ereserkia eskainiko dute. Kontzerturako sarrerak musika eskolan eros daitezke, edo egunean bertan ordubete lehenago, leihatilan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak