Asmoa, irailetik ekainera
Arrasateko Kooltur Ostegunak musika zikloak bederatzigarren urtea bete du, eta Oñatiko Antixenean domeka eguerdietan kontzertuak egiten hasi dira; hori ikusita Bergarakoan ere antzerako ekimen bat sortzeko gogoa sortu zitzaiela kontatu du Unai Elkorok: "Kontzertuak egiten diren arren, musikazaleak izanda, zerbait falta zela pentsatzen genuen hainbat lagun elkartu ginen, eta hala hasi ginen antzerako ezaugarriak dituen ekimen bat abiatzeko lanean. Asmoa ikasturteko, hau da, irailetik ekainera bitartean, hileko bi kontzertu egitea da, eta emanaldi bakoitzean bi taldek –edo bakarlari– joko dute. Egubakoitzetan izango da beti, 22:30ean, puntual; eta sarrera bost eurotan".
Hasteko, bi emanaldi
Musika estiloari eta formazioari dagokionez, askotarikoei tokia egitea da ekimen berriaren asmoa: "Herriko eta inguruko musika taldeei jotzeko aukera eman gura diegu, eta kanpokoko talde ezagunak ekartzen ere saiatuko gara".
Estreinatzeko, datorren egubakoitzerako, maiatzaren 17, eta ekainaren 14rako bi emanaldi antolatu dituzte: datorren astean, Azkoitiko RO taldearen rock instrumentala eta Zestoako Rodeo stoner talde gaztea izango dira; eta ekainean, Turboshit eta Sermonds.