Bergarak "hasiera kaskarra" eman dio igoera faseari. Lehenengo bi partiduak galdu ostean, hirugarrenera joango dira punturen baten bila mahoneroak. Baina, Muniategik azaldu duen moduan, "aurkari zaila" izango dute aurrean.
Burua eta abiadura
Egoerari buelta eman nahi dio Muniategik: "Fisikoki ez gaude txarto, baina falta zaigu abiadura, konfiantza... zerbait falta dugu, gatza". Fisikoki "ondo" daudela nabarmendu du Muniategik, eta partiduak ez dituztela fisikoagatik galdu gaineratu du. "Burua eta abiadura izan dira lagundu ez digutenak...", dio.
Maiatzaren 1ean hasi zuen igoera fasea Bergarak. "Urnietaren aurka gaizki jokatu genuen", azaldu du. Etxean izan zen lehia, eta 20-25 galdu zuten. Hasieratik jarri ziren markagailuan atzetik etxekoak (1-6) eta atsedenaldira 12-16 iritsi ziren; bigarren zatian zerbait hobetu zuten arren, bost goleko aldearekin galdu zuen partidua Muniategiren taldeak. Joan zen zapatuan, aldiz, Askartzaren aurka jokatu zuten. "Zerbait hobeto jokatu genuen, baina, hala ere, markagailuan atzetik ibili ginen une oro", dio entrenatzaileak, eta gehitu du: "Gol bakarrera jartzea ere lortu genuen, baina ezin izan genuen partidua berdindu". 24-21 galdu zuten mahoneroek.
Lauko finalerako sailkatzea
Denboraldia luze egiten dabilela ere gehitu du Muniategik: "Sei bat hilabete goaz partidu guztietan oso maila ona ematen". Hori horrela, eta igoera faseko hasiera honetan izan duten beheraldia ikusita, egoerari buelta ematea du buruan Bergarako taldeak. Igoera fasea bukatu ondoren, lauko finala jokatuko dute bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren sailkatuek: "Lehenengo sailkatua zuzenean igoko da mailaz, eta bigarren sailkatuaren etxean jokatuko da lauko finala", dio Muniategik. Final hori jokatu ahal izateko "partidu bat edo bi" irabazi beharra dutela dio. Igoera faseko azkeneko partidua Euskadiko txapeldunaren aurka jokatu beharko du Bergarak –Munttarpe eskubaloai–.