"Aretora sartzerakoan, parez pare dagoen horman argazki mordoa jarri ditut, eta gainerako hormetan gutxiago, formatu handikoak", dio argazkilariak.
Tamaina handiko lanak
Argazkiak tamaina handian inprimatu ditu: "Metro eta erdi bider metro bateko azalera dute, gutxi gorabehera". Horrez gain, azaldu du ez direla joango marko batekin eta ez dutela kristalik izango: "Hormara itsatsita joango dira". Iaz, udan, Bosnian egindako argazkiak dira gehienak; eta horietako asko zuri beltzean egindakoak dira. "Ez naiz zentratu argazkiaren kalitatean; zarataren jokoarekin jolastu nahi izan dut. Zarata presente dago aretoan".
Irudia eta soinua
Zarata hori presente egingo duen beste gako bat soinua izango da. Erakusketa zabalik dagoen bitartean audioa entzuteko aukera egongo da: Bosniako bidaian grabatutako soinuak izango dira Albenizek aretoan entzungai jarriko dituenak.
Aroztegikoa bakarka egingo duen lehenengo erakusketa izango da Albenizendako: "Aurretik, Martxanterekin jarri izan dut nire lanen bat, baina bakarka lehenengoa izango da". Maiatzaren 26ra arte egongo da aukera Albenizen argazkiak ikusteko, martitzenetik domekara, aretoko ordutegian.