Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileen "baldintza prekarioak" salatu eta hitzarmena sinatzea eskatu dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko mai. 7a, 15:34

ELAk deituta elkarretaratzea egin dute Bergarako Muniben plazan erresidentzietako langileek. Egun duten "lan baldintza prekarioak" salatu dituzte, eta kalitatezko zerbitzu bat emateko beharra aldarrikatu dute. 2018ko urriaz geroztik daude borrokan zaharren egoitzetako emakumeak.

"Gipuzkoako Diputazioak erresidentzietako langileen baldintzak prekarizatzen jarraitzen" duela azalarazteko ekitaldia egin dute ELAko militanteek Bergaran. Ekitaldiaren aurretik etxez etxe esku orriak banatzen ibili dira.

Greba eta aldarrikapenak

Gipuzkoako zaharren egoitzetako emakumeak 2018ko urriaz geroztik greba eta aldarrikapenak egiten dabiltza. "Bi urte baino gehiago daramatzagu hitzarmena sinatu gabe eta gure baldintzak hobetzeko eskaera egiteaz aparte kalitatezko zerbitzu bat aldarrikatzen dugu", adierazi dute agerraldian.

Zaintza duina jaso ahal izateko kalitatezko lan-baldintzak izatea ezinbestekoa dela azaldu dute: "6 mila egoiliarren beharrei erantzuteko 15 minutu ez dira nahikoa egoiliarrak altxatu, garbitu eta janzteko; horrez gain, dagozkigun kontratu eta soldata duinak nahi ditugu", azaldu du ELAko genero berdintasuneko arduradun Leire Txakartegik. Gaineratu du "emakumeak direlako" dituztela lan baldintza txarrak. "Gizonezkoan lanean ari diren sektore pribatizatuekiko %30eko arrakala pairatzen dute", dio Txakartegik. Hori horrela, Aldundiari galdetzen diote ea zaintza lanak ez duen merezi bestelako baliorik.

Akordioa patronalarekin

"Greba dinamika martxan jarri genuenean Aldundiak ELAko ordezkariei eta patronalei negoziatzeko eta akordio batera iristeko eskatu zigun. Hala egin dugu ADEGI eta Matia patronalekin, baina akordio hori finantzatzeko ordua iritsi denean Aldundiak uko egin dio", azaldu du, eta gehitu du, Maite Peña diputatuak "faltsutu" egin duela ELA eta patronal nagusiaren arteko akordioa.

Maiatzaren 10era arteko epea

"Maiatzaren 10ean amaituko da deitutako greba sorta eta espero dugu Diputazioak bere jarrera aldatzea, eta dagoen akordioa ontzat ematea. Ez badago akordiorik borrokan eta greban jarraituko dugu, baina hori langileek eurek erabaki beharko dute", dio Txakartegik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak