Herria hobetzeko herritarren artean dauden ideiak jasotzeko ariketa moduan, Bergara hobetzeko ideiak egitasmoa aurkeztu zuen Bergarako Udalak otsailean, eta etxe guztietara bidali zuen Bergara hobetzeko ideiak egitasmoaren eskuorri informatiboa. Hala, atzo aditzera eman zuten 120 izan direla martxoaren 17ra bitarte jaso dituzten proposamenak, horietatik 33 haurrenak eta 87 helduenak. Udalak eskerrak eman dizkie herritarrei izandako parte hartzeagatik.
Proposamen guztiak epaimahai teknikoak aztertu ditu eta filtroa pasatu dutenak haurren zortzi proposamen eta helduen 35 izan direla jakinarazi du Udalak: "Asko izan dira filtro teknikoa pasatu duten ideiak, baina ezinezkoa da guztiak mahai gainean jartzea bozkatuak izateko; larregi izango lirateke irakurtzeko eta herritarrek hautatzeko, eta ez litzateke proposamen onenaren aukeraketa erreal bat izango. Garrantzitsua izan da Udalarentzat gehienezko 20 ideia multzoen muga ez gainditzea".
Ondorioz, proposamen batzuk oinarri bera izanik multzo berean sartu dituzte, eta, horrela, denera, nagusien 19 ideiaren artean eta haurren sei ideiaren artean –bi errepikatuta baitzeu-den– hautatu beharko dute herritarrek.
Ideia hautatuen zerrenda
Hileta zibilak egiteko Santa Marina ondoko plazan karpa jartzea, Pump Track pista egitea, ur txorrotak jartzea, haur parke estali bat egitea, Zubietako zubiko hobekuntzak beste zubietan egitea eta Arrizuriaga parkea aisialdirako erabiltzeko egokitzea izan dira aurrekontu handien eskatzen duten ideietako batzuk.
Bozketa fasea
Bozketa maiatzaren 12a baino lehen egin beharko da udaletxe sarreran ipini diren ontzietan, Agorrosinen edo Udalaren webgunean. Ideia irabazleak 1.000 euroko saria izango du.