Pilula feminista tailerra
Jaiak eta kultur egitasmo ezberdinak feminismotik eraldatzea eta aurretiko lanketa egitea behar-beharrezkoa dela diote Martxanterek. Indarkeria matxistei erantzutetik haratago, markoa zabaldu eta eraldatu nahi dituzte bestelako testuinguru eta egoerak aztertuz. Landuko diren gaiak, jai-ereduak, musika eszena, espazioen antolaketa eta autodefentsa feminista izango dira, besteak beste. Tabernari, kulturzale, antolatzaile, txosnero edo edonorentzat zuzendutako tailerra da eta maiatzaren 7an izango da, 18:00etatik 20:00etara bitartean.
Txoko morea prestatzeko bilera
Mendekoste jaietan, txosnagunean espazio pedagogiko eta erreferentziala sortu nahi da, egoera matxista ezberdinen aurrean erantzuteko. Txoko more hau pentsatzeko, antolatzeko, erabakitzeko bilera bat egingo da. Eta beste alde batetik, txandak egingo dira txosnagunean (2 orduko txandak). Bilera maiatzaren 14an izango da, 18:00etan.