Goizean herria ezagutzen ibili dira Valentziako gazteak Musika Eskolako kideen laguntzarekin, eta eguerdian, Elena Lete alkateak harrera egin die gainezka zegoen udaletxeko pleno aretoan. Musika Eskolako dantzariek ere harrera dantza egin diete, txistulari baten laguntzarekin, eta ondoren, Segorbe eta Mislatako musika taldeetako kideek eskerrak eman dituzte eduki duten "harrera beroagatik" eta "gazteak esperientziarekin asko gozatzen ari direlako". Jarraian 'Valentziako ura' (Valentziako edari ohikoa) oparitu diote alkateari, eta Elena Letek Bergarako hiri gutunaren kopia bat oparitu die. Harrera beroaren ostean, musikariak elkarrekin bazkaltzera joan dira.
Hitzordua, arratsaldean, Santa Marinako elizan izan dute. Bertan emanaldi berezia eskaini dituzte Valentziatik etorritako musikariek, eta debagoiendarrek ere. Bergarako Musika Eskolako Gazte Bandak, eta Orkestra Sinfonikoak ireki dute emanaldia, eta ostean Mislatako Union Musical Bandaren txanda izan da, Alejandro Galarza Garciaren zuzendaritzapean. Valentzian bergararrei eskaini zieten kontzertuko tarterik handiena eta Bergaran, berriz, Segorbe eta Mislatako musikariei eman diete aukera.
Horrela, Mislatako bandak lau obra jo ditu, eta ondoren arratsaldeko protagonismo handia hartu duen Union Musical de Mislatako orkestra sinfonikoaren txanda izan da. Errepertorio ederra eta luzea eskaini dute, eta amaitzeko banda guztiek elkarlanean Europako ereserkia eskaini diete Santa Marinako entzuleei.