'Erlauntza' antzezlana eta Nogen musika taldea, besteak beste, Seminarixoan izango dira maiatzean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko api. 22a, 18:00

Nogen taldea, Puntaik Punta jaialdian, 2018an. Argazkia: Aitor Agiriano.

Entzuteko eta ikusteko ekitaldiz beteta dator maiatza. Izen handiko musikariak eta izen handia hartu duten antzezlanak ikusteko aukera egongo da Bergaran. Seminarixoa aretoa erabiliko dute horiek eskaintzeko. Lehenengo ekitaldia maiatzaren 4an izango da; eta, hain zuzen, Mireia Gabilondo bergararraren lan bat eskainiko dute, Erlauntza.

Antzezlanak txikitako lagun kuadrilla baten gorabeherak kontatzen ditu. Landetxe batera aste bukaera pasa joango da lagun kuadrilla, euretako baten ezkon aurreko agurra ospatzera. Aste bukaera "eroa" izan behar zena aldrebestu egingo da: trapu zaharrak, esan gabeko gauzak, alkohola... Oholtzaren gainera aktore ezagunak igoko dira: Itziar Atienza, Sara Cozar, Aitziber Garmendia, Getari Etxegarai, Leire Ruiz eta Naiara Arnedo. Esan bezala, Mireia Gabilondok zuzendu du antzezlana, eta ondoan izan du gidoia idatzi duen Kepa Errasti aretxabaletarra. Dramaturgia berria laborategiaren barruan sortutako lana da Erlauntza. Donostia 2016 ekimenaren barruan sortutako egitasmoa da Dramaturgia berria. Saioa maiatzaren 4an izango da, zapatua, 19:00etan, Seminarixoan. Sarrera 8 euro.

Nogen, lehen diskoarekin

2016an Danimarkan sortu zen eta ondoren Donostian forma hartu zuen Nogen taldea izango da Seminarixoan maiatzaren 10ean, 21:00etan –8 euro–. Taldearen lehen lan luzeak Liv til doden –Hil arte bizi– azaroan ikusi zuen argia. Ordutik, kontzertuak eskaintzen dabiltza donostiarrak: "Uda iritsi aurretik aretoetako kontzertuak eskaintzen gabiltza eta gero hasiko ditugu kontzertu irekiak", dio Alex Irazusta gitarra joleak. Seminarixoa aretoa ez dutela ezagutzen aitortu du, baina gustura jotzen dutela "bereziak diren aretoetan". Liv til doden lanean pop-folk doinuak dira nagusi: "Entzuleak aurkitu behar du bere zentzua, guk ez dugu esango zer esan nahi dugun diskoarekin. Entzuleak hartu eta bere egin dezala", gaineratu du. Taldeak duen feeling ona eta lagunarteko giroa kutsatu nahiko luketela gehitu du.

'Harian' proiektua

Eñaut Elorrietak Harian ikuskizuna eskainiko du maiatzaren 11n, zapatua, 19:00etan, Seminarixoan –8 euro–. Harian proiektu berritzailea da; Elorrietak ondoan izango ditu Kaabestri String Ensemble hari boskotea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak