Bergararen egutegian urteroko egun garrantzitsuetakoa izan arren, Korrikaren etorrera dela eta berezia izan da aurten Erramu Zapatua. 13:30 aldera pasatu du Korrikak herria, eta ordurako jende mordoa zebilen feriaren baitan jarritako postuetan. San Martin plazan artisauen produktuak izan dira nagusi; Fraiskozurin, Simon Arrieta eta Ibargarain, elikagaien postuak; eta Seminarioko patioaren bueltan, abereak eta landareak.
Goizak aurrera egin ahala, gero eta ugariagoak ziren herritarren eskuetan azokan erositako produktuen poltsak, baina erosteaz gain, egiteko aukerarik ere egon da; hala, banastak-eta egiten dituen Matxinbentako Iñaki Agirrazabalaren postuan hainbat neska-mutiko ibili dira haien banastatxoak egiten. Aurtizko joaldunak eta Bergarako Musika Eskolako trikitilariak, txistulariak eta dantzariak ibili dira kaleak alaitzen.
Jardunek antolatzen duen txorimalo lehiaketa izaten da gaurko eguneko beste klasikoetako bat, eta aurten sei txorimalok hartu dute parte. Euskal Herriko Sukaldariak taldea izan da gaur denen artean irabazle: "Euskara ahoan, bai zapore goxoa" leloa zeraman haiek egindako txorimaloak.