"Proiektuaren jatorria eta istorioaren mezu pedagogikoak azalduko ditut. Ondoren ipuinaren kontaketa eskainiko dut, eta amaitzeko sorpresatxo bat ere prestatu dut", azaldu du Mendikutek aurkezpenari buruz. Hilaren 25ean izango da, eguena, 19:00etan, Irizar Jauregian.
Sardiniako Cinzia Tuveri idazlearekin elkarlanean egindako lana da Vera la soñadora. 2017ko ekainean argitaratu zuten liburua; orduko hartan, italieraz, Vera Mongolfiera, 4 eta 7 urte bitarteko irakurleendako. Lehenengo edizioak izan zuen harrera ona ikusita, gaztelerazko bertsioa egitea erabaki zuten. Gaztelerazko bertsioa argitaratu dute Sevillako Babidi-Bu argitaletxearekin: "Bost urtetako kontratua sinatu dut, beraz momentuz ezin dut liburua nire kabuz beste argitaletxe batekin beste hizkuntza batean kaleratu", gaineratu du euskaraz argitaratuko ote duten galdetuta.
"Babidi-Bu argitaletxekoek beste herrialde batzuetako argitaletxeekin negoziatuko dute –Euskal Herria barne–, liburua beste hizkuntza batzuetan kaleratu ahal izateko", gaineratu du Mendikutek.