Aranzadi ikastolakoek gaur, domeka, zuten Pirritx, Porrotx eta Marimotots panpinak estratosferara helioz betetako globo batekin bidaltzeko asmoa, eta jende asko batu da aireratzea ikusteko; zoritxarrez, baina, globoak ihes egin du azken prestaketa lanetan zebiltzala.
Bigarren ahalegina egiten saiatu diren arren, ezin izan dute asmoa gauzatu, nahikoa helio ez dutelako lortu bigarren globoa zeruratzeko; hala ere, misioarekin jarraituko dutela adierazi du Aranzadi ikastolako irakasle eta ekimeneko arduradun Manu Arregik. "Pena izan da bertan behera uztea, baina, erabaki zentzuzkoena hartu dugu. Data zehatzik ez dakigu, baina lehenbailehen egin nahi dugu".