Barakaldoko Boris Bringas beatboxer-ak aho zabalik utzi zituen atzo, musika eskolan eskaini zuen tailerrean batu ziren hamabost lagunak; ordu eta erdiko saioan, gorputzarekin musika egiteko teknika gerturatu zien. "Oso gustura eta pozik izan ziren guztiak, eta horrelako gehiago antolatzeko gogoa adierazi zigutenez, errepikatzeko modukoa izan daiteke. Une berean, eskolako beste gela batetan, Fernando Camachok, besteak beste, Euskadiko Orkestrako musika tresnak konpontzen dituen adituak metalezko musika tresnak zaintzeko aholku interesgarriak eman zituen, arretaz jarraitu zuten beste talde baten aurrean. Horiez gainera, Musikoterapia tailerrak ere eskaini ditugu astean eskolako irakasle Maite Vikuñaren eskutik, eta gaur, Musikoterapiaren onurei buruzko hitzaldia eskaini du", azaldu du Bergarako Musika Eskolako zuzendari Marije Ugaldek.
Gitarra-joleen topaketa, gaur, 18:00etan Seminarixoan
Apirilean Musika ekimena urtean zehar eskolan egindako lanaren isla ere izan nahi duela gaineratu du zuzendariak eta asko direla egunotan taularen gainera igo diren musikari gazteak: "Gaur, zapatua, Suzuki metodoa ikasten duten biolin-jole gazteen kontzertua egin duten Seminarixoan, eta atzo toki berean emanaldi berezia eta bitxia eskaini zuten kantu-ikasleek. Era berean, eskolako txikienek, gitarra taldearekin batera, Zabalotegin eskaini zuten Josu Elberdinen Jostailugilea ikuskizuna, eta polita izan zen hura ere. Eta gaur, arratsaldean, Seminarixoan gitarra doinuak izango dira entzungai. Etxeko kideez gainera, hainbat herritako eskolakoak gonbidatu ditugu: Orioko, Hondarribiko, Lesakako, Doneztebeko eta Paisaiakoak. Eta asteburua borobiltzeko, Bergarako Musika Bandaren kontzertu didaktikoa proposatu dugu, bihar, domeka, 12:30ean Udal pilotalekuan".