Aurten zazpigarren denboraldia du profesional mailan Mikel Aristi txirrindulari bergararrak, eta inoiz baino maila hobea ematen ari da. Horren adibide dira Kataluniako Itzulian esprintean lortu dituen bi bosgarren postuak. Kontuan hartu behar da, gainera, World Tourreko lehen itzulia duela. "ParisRoubaix bi aldiz egin dut, baina World Tour mailako lehen itzulia izan da niretzat Kataluniakoa. Ez nuen oso ondo ezagutzen lasterketa hauetan zegoen maila. Baina, egia esan, oso pozik nago egiteko gai izan naizenarekin. Pozgarria da niretzat, urtetik urtera hobetzen ari naiz, eta aurten ere nabaritzen dut aurrerapauso bat ematen ari naizela. Hasiera ona eman diot denboraldiari, momentu onean nago, eta ea maila honetan jarraitzen dudan", azaldu du.
Denboraldi hasiera bikain honen ostean, Frantziako klasikoetarako bidea hartua du dagoeneko Aristik. "Orain arte egin ditudan lasterketekin oso gustura nago. Orain, lasterketa politak ditut aurretik, eta gogo handia dut errepidera ateratzeko. Ea lehen aipatutako aurrerapauso hori emaitzen bitartez islatzeko gai naizen", dio.
La Route Adelie de Vitre lasterketan ariko da bihar, egubakoitza, eta domekan, berriz, La Roue Tourangelle proban. Gero, atseden hartuko du, eta astebetez ez du lasterketarik edukiko. Ondoren, Paris-Camembert, Finisterre Itzulian eta Tro Bro Leon lasterketetan ariko da. "Oso lasterketa politak dira, nire ezaugarriekin bat datozenak, eta nik uste dut maila onean ibiltzeko moduan izango naizela. Iaz seigarren egin nuen Tro Bro Leonen, eta aurten hori hobetzeko helburuarekin noa. Taldeak emaitza onak eskatu dizkit, eta emaitza onak bakarrik ez, nik garaipenak nahi ditut", azpimarratu du, baikor.
Ez da etxeko lasterketan izango
Euskal Herriko Itzulia astelehenean abiatuko da Zumarragatik. Bergararra, hala ere, ez da irteera puntuan izango. "Penaz nago. Etxeko lasterketa izateaz gain, aurtengo edizioko bi etapa begiz jota nituen. Baina hala suertatu da, eta dudan guztia emango dut Frantziako klasikoetan". Ez da sekula Itzulian izan. "Datorren urtean izango naiz, seguru. Badaukat gogoa. Azken finean, etxeko lasterketa da, eta familia, lagunak eta guztiak bertan dituzu. Horrez gain, txikitatik gertutik jarraitu dudan lasterketa da, bai telebistatik bai bide bazterretik. Beraz, ilusio handia egingo lidake, baina gaur-gaurkoz helburuak beste batzuk dira eta datozen urteetarako utzi beharko dugu Euskal Herriko Itzulia".
Aurtengo edizioa oso irekia ikusten du Aristik. "Zeresan handia emango du aurtengoak. Goi mailako ziklista asko daude, eta talde oso indartsuak ariko dira lehian. Ikusiko dugu zer gertatzen den". Zail ikusten du taldekideren batek garaipenik lortzea, nahiz eta oso ondo ikusten duen taldea. "Esan moduan, oso maila oneko txirrindulariak daude, eta ea zer egiteko gai diren. Seguru oso lan ona egingo dutela", gaineratu du.
Euskadi Murias, oso indartsu
Iazkoa "zoragarria" izan zen. Baina aurten, oraingoz, hobeak dira emaitzak. "Iaz garai hauetarako oraindik garaipenik gabe geunden eta aurten dagoeneko hiru garaipen ditugu, maila hobea eskainita, gainera. Ilusio askorekin gaude eta zifrak behintzat hobetzen ari gara. Taldearen dinamika oso ona da".