Bergarako eskalatzaileek salatu dute Udalak ez duela aintzat hartu euren iritzia Labegaraietako kiroldegia berritzeko proiektuan. "Rokodromoaren kudeaketa eta mantentzea eskalatzaileon ardura izan da betidanik, eta Udalarekin harremana formalizatu gura dugu. Proiektuaren bueltan izan ditugu elkarrizketak eta bilerak, baina aspaldi honetan ez digute aurrerabiderik ematen, eta badakigu beste kirol klub batzuekin hitzartu dituztela hainbat gai. Badirudi aintzat hartzeko azken kluba garela".
Egungoak baino metro koadro gehiago izatea eskatzen dute, eta ahalik eta erabilgarriena izan dadila: "Kristalera bat jarri gura dute eta uste dugu estetikara begirako neurria dela. Rokodromoa erabilgarri izatea izan beharko litzateke lehen irizpidea". Gaur egun rokodromo "hotza, zaratatsua eta zikina" dutela diote eta berri bat eginez gero urte luzez iraun beharko duela jakinda, ahalik eta ondoen egitea eskatzen dute. "Orain arte jasotako erantzunek ez dituzte gure kezkak lasaitu".
Udaleko Kirol Zerbitzua: "Batzar pila bat egin ditugu"
Udaleko Kirol Zerbitzua "harrituta" dago eskalatzaileen salaketarekin, "batzar pila bat" izan dituztela argudiatuta: "Udala prozesu guztian etengabeko harremanean aritu da eskalatzaileen ordezkariekin, beste talde batzuetako ordezkariekin bezala. Ulertu beharko dute proiektuak osotasunean beste hainbat kirol diziplina ere hartzen dituela bere baitan".
Udalak gaineratu du adostasunerako bidea zabalik dagoela: "Hasieran egin genien proposamenari aldaketak planteatu zizkioten. Gero, bigarren planteamendua proposatu genien eta horren gainean ere aldaketak eskatu zituzten; gaur da eguna Labegaraietako kiroldegiaren proiektuaren detaileak zabalik daudela eta hirugarren aukera baloratzen ari garela. Bilerek jarraitu egiten dute".
Rokodromoa 2020an berrituko dute
Labegaraietako kiroldegia berritzeko lanetan, aurten biltegi zaharra botatzen hasiko dira eta modulu berria eraikiko dute; hor joango dira piraguismorako biltegia, aldagelak eta makina-gela. Barruko lan aipagarrienak 2020an hasiko dira; kantxa eta rokodromoa berritzea, tartean. Udalak ia 600.000 euroko dirulaguntza jaso du Diputazioaren partetik lanok egiteko.