"Etxera deitzeko deseantzen nago, baina gurasoak lo egongo dira oraindik, horrenbestez, albiste on bat emanda esnatuko ditut". Caja Rural taldeko Juan Fernando Callek hamar egun daramatza gurean, Caja Rural taldearekin: "Azken urteotan hainbatetan egon naiz hemen, iaz ere egon nintzen. Orain hiru hilabeterako baimena daukat, eta horiek aprobetxatzen ahaleginduko naiz".
Bada, Kolonbiako ziklista gazteak ondo hasi du hiru hilabeteko egonaldia: "Esan didatenez Gorlako Igoera txirrindulari garrantzitsuek irabazi izan dute, eta oso pozik nago hemen lortu dudan garaipenaz. Taldekideak izan ditut gogoan, gurasoak, nire aldeko apustua egin dutenak...". Callek astebete baino ez du egin hemen, baina astean oso sentsazio onak izan dituela aitortu dio GOIENAri: "Irabazi, irabazi, irabazi... Atzo gauean ez nuen besterik buruan. Eta, gaur azkenekoz Gorla igotzen hasi garenean aurrera egin dut. Bakarrik egin behar izan dut igoera osoa, ez zen hasiera batean neukan asmoa, baina oso garaipen ederra izan da".
Eguraldia lagun izan dute
Bergarako San Martin plazan batu diren 175 txirrindulariek eguraldi ona izan dute lagun –ez iaz moduan–. Maila oso oneko tropela batu da, Euskal Herriko taldeekin batera, esaterako, Galiziatik, Madrildik eta Kataluniatik ere ordezkariak etorri direlako. Lehenengo kilometroak, ohi moduan, azkarrak izan dira. Tartean egon dira hainbat ihesaldi saiakera –Aritz Kortabarria antzuolarrak eta Ibon Ruizek, esaterako, 10 segundoko tartea lortu dute– baina inork ez du abantaila nabarmenik eskuratu, eta lehenengo igoerara begira –Gorlara– ziklistak ahalik eta leku egokiena bilatzen saiatu dira. Aurrerago, Aizpurutxotik Deskargara bidean gora hamabost laguneko taldea osatu dute, eta aurrean ziren, besteak beste, Fernando Calle, Carlos Ruiz, Javier Lopez, Jose Vega, Aketza Arana, Iñigo Altuna, Jordi Lopez, Jose Felix Parra, Euken Gallego edota Aritz Kortabarria (Antzuola). 17 segundotako aldea lortu dute, eta garbi zegoen euren artean egongo zela txapela jokoan.
Callek, igoera osoa bakarrik
Ziklista kolonbiarrak Bolu pasa eta gutxira jo du erasoa, eta bakarrik egin du igoera. Aritz kortabarria (Eulen) zen bailarako ziklisten artean "saltsan" zebilena, baina antzuolarra bigarren igoera erritmo gogorrean hasi eta segituan konturatu da ez zela eguna: "Aurredenboraldian bai, baina orain ez nabil batere sentsazio onarekin, eta segituan konturatu naiz hankak pisutsu nituela, ez zela eguna. Amore eman behar izan dut, ea gorputzaldi ona errekuperatzen dudan". Pena, lasterketa polita egiten zebilelako –30.a izan da–.
Aurrean borroka izan dute podiumera igotzeko Asier Etxeberriak (Goierriko TB Laboral Kutxa) eta Carlos Ruiz Pavonek. Azken horrek beste hiru taldekide zituen atzetik, baina azkar geratu da Etxeberriarekin bakarrik, eta ez du talde babesik izan –Lizarte izan da talde onena–.
Bailarakoei dagokienez, aipatu moduan Kortabarria izan da gizonik nabarmenena. Xabier Mugiondok berandu hasi zuen denboraldia, eta hastearekin batera beste eroriko bat izan zuen eta garbi zeukan gaur ze lan egin beharko zuen: "Presio gabe etorri naiz, taldearendako lan egitea tokatzen zen, eta poliki poliki erritmoa hartzen joatea, geldirik egon naizelako". Mikel Agirre ere ez zegoen askoz gehiagorako: "Neguan gustora ibili naiz, baina gripeak jota astebete egon nintzen ohean errekuperatzen, eta lasterketetan hastearekin batera konturatu naiz ez nagoela ondo. Ea sentsazio onak errekuperatzen ditudan". Eta, amateur mailara salto egin berri duen Andoni Azkaraterendako master bat izan da gaurkoa: "Helmugara iritsi naiz eta pozik nago. Talde aginduak beteta lehenengo orduan ihesaldi saiakerak saihesten ahalegindu gara, eta pertsonalki, hori ordaindu egin dut. Ikustekoa da kategoria honetan jendea ze azkar dabilen. Oraindik asko daukagu ikasteko".
Sailkapena:
1 Juan Fernando Calle (Caja Rural – Seguros RGA) 2:56:12
2 Asier Etxeberria (Goierriko TB – Laboral Kutxa) 39”ra
3 Carlos Ruiz (Lizarte) 47”ra
4 Jose Felix Parra (Lizarte) 57”ra
5 Jordi López (Lizarte) 1:13ra
6 Ibon Ruiz (Lizarte) 1:19ra
7 Euken Gallego (Eulen) 1:22ra
8 Ander del Castaño (Baqué – ideus – BH Team) 1:22ra
9 Iván Cobo (Gomur) 2:03ra
10 Carmelo Urbano (Caja Rural – Seguros RGA) 2:21era
- Mendiko saria: Juan Fernando Calle (Caja Rural – Seguros RGA)
- Taldeka: Lizarte taldea.
- Debagoieneko onena: Aritz Kortabarria (Eulen).