Beñat Rezusta: "Inoiz ez gara finalak jokatzera ohitzen"

Xabier Urtzelai 2019ko mar. 29a, 15:48

Gaur, Aspeko prentsa arduradun Ibon Arakistain Beñat Rezustaren (Bergara, 1993) itzal bilakatu da; Rezustarena eta, seguruenik, finalean izango diren gainontzeko pilotariena ere bai, denak dira-eta enpresa berekoak. Hamabost elkarrizketa inguru erantzungo ditu bergararrak eguna amaitu aurretik, eta ondorengo egunetan finala prestatzeko entrenamendu saioetan murgilduko da Elezkanorekin batera, datorren egueneko pilota aukeraketaren egunera arte. Pilotazaleak konturatu direnerako, Rezusta Binakako azken lau finaletan egon da. "Baina inoiz ez gara horretara ohitzen", adierazi dio GOIENAri. 

Nahikoa lan elkarrizketa eskari guztiei erantzuten, baina beti dioguna, seinale ona da hori. 

Zalantzarik barik, zerbait ondo egin dugun seinale izaten da hori. Gaurko egunean horixe tokatzen da, elkarrizketa batzuk aurrez aurre, beste asko telefonoz... Baina esandakoa, seinale ona da.

Finalerdiak amaitu eta bi aste izaten dituzue finala prestatzeko. Luze egingo zaizue, ala? 

Ez pentsa, ez daukat inongo presarik finalaren eguna iristeko. Gogotsu gaude, baina ez dugu presarik, ezta antsietaterik ere. Ondo prestatu gura dugu norgehiagoka, entrenamenduetan gustura gabiltza eta orain, horretan gaude buru-belarri.

Zabaleta eta Irribarria izango dituzue aurrean. Ez estatistikak, eta ezta dirua ere ez dituzue aldeko. Horrek presioa kentzen dizue? 

Neurri batean, bai. Baina estatistikek ez dute partidura begira inongo abantailarik ematen, ezta apustuek ere; finalak kantxan irabazten dira, pilotan jokatuz. Hala ere, txapelketa amaiera oso ona egin dute Zabaletak eta Irribarriak, partiduak ondo irabazi dituzte, eta gure kontra jokatutako finalerdian ere norgehiagoka borobila egin zuten. Duda barik, kontrario gogorrak dira.

Zuek ere baduzue finalera zapore gozoaz iristeko motiborik; besteak beste, finalerdietako azken partiduan oso maila ona erakutsi zenuten bai Elezkanok eta baita zuk ere. 

Bai, bai, pozik gaude orain arte egin dugun txapelketarekin. Azken partidua bai, eta orokorrean finalerdietako ligaxka ere maila onean jokatu dugula esango nuke, nahiz eta Zabaletaren eta Irribarriaren kontra galdu egin genuen. Aipatu moduan, gustura gabiltza entrenamenduetan.

Binakako Txapelketan laugarren finala izango duzu jarraian. Eta pilotari gutxik lortu dute hori. Ohitu ere egingo zara, azkenean.

Ez, ez, pilotaria ez da horretara inoiz ere ohitzen. Urtean behin jokatzen den partidura ezinezkoa da ohitzea. Gainera, final bakoitzera modu ezberdinean iristen gara. Batzuetan eskuetatik justu, beste batzuetan sasoi betean... Ondoan izan ditudan pilotariak ere ez dira beti berdinak izan; azken batean, final bakoitza mundu bat da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak