Laugarrenez jokatuko du Beñat Rezustak binakako txapelketako finala

Maialen Regueiro 2019ko mar. 24a, 19:30

Donostiako Atano III pilotalekuan jokatu da binakako txapelketako finalerako sailkatzeko partidua eta Beñat Rezusta bergararrak eta Elezkanok Altuna eta Martija hartu dituzte mendean (10-22). Hala, Rezustak eta Elezkanok Irribarriaren eta Zabaletaren aurka jokatuko dute finala bi aste barru. Bergararra, gainera, lau urtez jarraian sailkatu da txapelketa honetako finalera. 

Urdinak nagusi hasieratik

Bide honetik hasi dute Rezustak eta Elezkanok partidua. Are gehiago, jarraian sei tanto egin dituzte partidu hasieran. Hala ere, Altuna eta Martinak bolada ona moztea lortu dute eta hiru tanto egin dituzte jarraian (3-6). Urdinek erritmo onarekin jarraitu dute eta berriro zuloa ireki diete gorriei (4-13). Altuna eta Martija tantoak lortzeko zailtasunarekin aritu dira, baina gutxika markagailuan gerturatzea lortu dute (7-13). Horrek ez du Rezusta eta Elezkano urduri jarri eta gogor jarraitu dute, partiduko garaipena lortu arte. Bergararrak partidua amaitu ostean honakoa adierazi du: "Garrantzitsua zen hasieratik indartsu hastea eta lortu dugu. Gainera, markagailuan aurretik jartzea lortu dugu". Elezkanok, berriz, adierazi du gustura sentitu dela eta pozik dagoela egindakoarekin.

Finala

Rezustak eta Elezkanok, Irribarria eta Zabaletaren aurka jokatuko dute finala, apirilaren 7an, Bilboko Bizkaia Pilotalekuan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak