Tapoi Fest eta beste hainbat ekintza Bergarako kartzela zaharrean asteburuan

Mirari Altube Arrese 2019ko mar. 18a, 08:38

Eguenean Amaren Etxea liburuaren aurkezpenarekin hasiko dituzte ekitaldiak Kartzela zaharrean, eta domeka iluntzean bukatu Kolonbiaren bake prozesuaren gaineko beste hitzaldi batekin; bitartean, Tapoi Fest jaialdiak musikarekin girotuko du asteburua.

Jokin Urainek idatzitako Amaren Etxea. Euskal preso politikoen senideen historia bat liburua aurkeztuko dute eguenean, martxoaren 21ean, 18:30ean. Senideen ahotsak jasotzen dituen liburua da, sakabanaketa eta urrutiratze espetxe politika jasaten dabiltzanena. Aurkezpenean, gainera, "dispertsioa eta urruntze politika pairatu duten hainbat bergararren testigantza entzuteko aukera izango da", adierazi dute antolatzaileek, Angiolillo liburutegia, Sare eta Gure artera.

Tapoi Fest jaialdia

Egubakoitzean eta zapatuan, ostera, Tapoi Fest jaialdia ospatuko dute zortzigarrenez, Txapa irratiko Jar itzazu tapoiak, mesedez! irratsaioaren eta Bergarako gaztetxearen eskutikUrtero bezala musika gogorra, azkarra eta undergraund kultura izango direla protagonistak adierazi dute antolatzaileek: "Aurten ere hardcorea eta eta punkaren eszena lokala indartu nahi izan dugu eta Euskal Herriko taldeez gain, Bartzelonako eta Madrileko ordezkaritza ere izango dugu".
 
Egubakoitzean, 22:00etan, hasiko dira kontzertuak (sarrera: 5 euro). Hona hemen arituko diren taldeak:
  • Fly Shit: Bergarako eskola zaharreko (old school) taldea, 1995tik etengabe dabilena. Lau estudio lan eta zuzeneko bat dute. Tapoi festen, lan berria aurkeztuko dute, Managaitz taldearekin erdibana ateratako binilo bat.
  • Managaitz: Zarautzeko boskotea, HC melodikoa eta post-punka lantzen dute. Bigarren lana aurkeztuko dute, Fly Shitekin batera argitaratua. Taldea, Ernia, Metralleta, Mor More eta Diskoiraa taldeetan ibilitako jendeak osatzen du. 
  • Optika: Doinu indartsuak lantzen dituen talde gipuzkoarra, emakumez osatua. 
  • Arrotzak: Post-punk talde gipuzkoarra, bigarren diskoa kaleratu zuten 2018an harrera oso onarekin. 
 
Zapatuan izango diren taldeak, 22:00etan hasita, honako hauek (sarrera, 5 euro).
 
  • Worth it: Berrizeko HC taldea, 2015an sortua, geroztik hardcore eszenan izen nabarmena lortu duena. Bi disko dituzte kaleratuak.
  • Tropical ice land: Bartzelonatik, ateraberri duten laugarren diska aurkeztuko dute. Screamo, crust eta post-hc doinuak lantzen dituzte. 
  • Aceswords: Madriletik datorren hirukote indartsua, musikari beteranoz osatua.
  • Hagendas: Talde Zarauztarra, trash, hc eta rock gogorra egiten duen talde gaztea. 
Kontzertuen aurretik, afaltzeko aukera ere izango da 20:30ean; menu beganoa eskainiko dute 2 euroren truke.

Kolonbiako errealitatearen gaineko hitzaldia

Asteburuari bukaera hitzaldi batekin emango diote. Kolonbian sinatutako bake akordioaren ondoren etorritako errealitatearen gaineko hitzaldia izango da, 18:00etan, Angiolillo liburutegiak eta Emigrad@s Sin Fronteras erakundeak antolatuta: Bizitza defendatzen dituzten ahotsak eta bakearen eraikuntza Kolonbian.
 
Hitzaldiaren helburua da Kolonbiako testuinguruan gizaeskubideak defendatzen dituztenen lan neketsua nabarmentzea. Hori horrela, bi kolonbiar izango dira bertan:
 
  • Danilo Huertas Roldan: Fundacion Unidos por la igualdad y paz Colombiana, --FUIPC- erakundeko partaidea, Kolonbiako bake prozesuan zehar Arauca departamenduko orientazio sexual anitza duen biztanleriari eta bortizkeriaren biktima den biztanleari babezteko sortutako erakundea.
 
  • Carlos Alfredo Nastacuas Taicus: Unidad indigena del Pueblo Awa -UNIPA- elkartekoa, Nariño departamentuko Tumaco udalerrikoa. Bortizkeria sexuala, ume eta gazteen erreklutatze behartua, meatzaritza ilegala, laborantzaren legez kontako erabilerak eta aintzinako lurraldeetan egindako petrolio gordinaren isurketen kontra lan egiten duen erakundea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak