Elena Lete, Bergarako alkatetzarako hautagaitzaren aurkezpenean: "Kudeaketa irmo eta garbia egin dugu"

Julen Iriondo 2019ko mar. 15a, 23:04

Iluntzean Matxiategin egindako ekitaldian aurkeztu du EAJk Elena Lete Bergarako alkategai. Aurkezpenean, GBBko buru Joseba Egibarrek eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok egin diote lagun Leteri.

Lehen aldia da hauteskundeetara alkategai aurkeztuko dena, agintaldi honetan Juanje Alberdiren lekukoa hartuta iritsi baitzen alkate lanetara; orduan kargua hartu zuenean esandako hitzak errepikatu eta esan du "ohorea eta erantzukizuna" eragiten dizkiola alkate izateak, hori sentitu duela egunero ardura hartu zuenetik, eta hori sentitzen duela orain ere hautagai moduan.

Udal taldeari eta familiari eskerrak eman dizkie alboan egotearren, eta, aita zuena ere gogoan, hunkituta, adierazi du berezia dela aurkezpena Matxiategin egitea, bere ingurunean eta gertuko jendeaz, bertakoa baita.

Letek adierazi du Bergarak aurrera egin duela lau urteotan, lan asko egin dutela Udalean eta emandako hitza bete dutela; herrian aldaketa eman dela eta Bergara lasai eta atsegina bilakatu dela gaineratu du. Herritarrekiko izan duten harremana ere nabarmendu du.

"Etorkizuna sendotzeko" jarduera ekonomikoaren garrantzia azpimarratu du, eta zentzu berean mintzatu da Markel Olano, herrialde osoari erreferentzia eginaz. Duela lau urte foru gobernua herritarrekin "enfrentatuta" zegoela eta, horrekin batera, arlo ekonomikoari garrantzirik ematen ez ziola adierazi du Olanok, "mesfidati" zela enpresekin. EAJk gidatuta, hori aldatu eta, adibidez, langabezia %8 ingurura jaitsi dela gogora ekarri du. 

Aurreko gobernuarekin Gipuzkoa arlo askotan "blokeatuta" zegoela gaineratu du, eta Beasain-Bergara errepidea jarri du adibide; erronka euren gain hartu eta bi aste barru irekiko dutela gogorarazi du, "kudeaketa onaren adibide" dela esanez. Esan du errepide hori oso garrantzitsua izango dela bai jendearentzat eta baita enpresen lehiakortasunarentzat, eta azpimarratu du, hain justu, lehiakortasun hori funtsezkoa dela herrialdeko "ongizatea, oreka eta kohesioa" mantentzeko, herritarren arteko desberdintasunak ahalik eta txikienak izan daitezen.

Espainiako hauteskundeak ere izan ditu gogoan Olanok, eta esan du, "Madrildik datorren erasoaren aurrean", euskal erakundeak, autogobernua eta erabakitzeko ahalmena defendatu behar direla. 

Apirilaren 28ko hauteskundeak izan ditu hizpide Joseba Egibarrek ere; EAJren "herri proiektua" ahotan hartuta, haren alde egiteko "Madrilen ere EAJren beharra" dagoela adierazi du.

[Adierazpen gehiago, bideoan]

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak