Honako hitz hauekin eten du ibilbidea Bergara topaleku duen Nomadak taldeak: "Nomadak sortu genuenean, garbi geneukan gure kantak sortu nahi genituela, lan horretan ia urte bete jardun genuen, ia astero lokalean geratuz. Kantak ilusioz grabatu genituen estudioan eta gure bideari ekin genion. Kamioi bat alokatu genuen gure proiektua herriari erakusteko eta orduz geroztik, bi bideoklipen grabaketa, 2018ko Durangoko Azokarako disko fisikoa, kontzertuak, momentu ederrak eta jende zoragarriarekin egin dugu topo... Zalantza gabe, momentu oso onak pasa ditugu elkarrekin, baina bidea ez da erraza izan. Geratzeko momentua da. Arrazoia ez dakigu zein den, agian ez dago arrazoi bakar bat. Bagenituen asmoak, kantak, ilusioak... baina bidean aurkitu ditugun trabek gainditu gaituzte. Ez dakigu hilabete barru edo urtebete barru.. itzuliko garen. Denborak bakarrik dauka horren erantzuna. Bitartean, bultzatu dezagun euskal musika".