Usurbilen egin zen Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak antolatutako Futbol Egokituko lehenengo topaketa, eta bigarrena, Bergaran izan da. Federazioko koordinatzaile Josu Zubiak halakoak egitearen garrantzia azpimarratu du: "Umeak eta gaztetxoak oso pozik etortzen dira, gustatzen zaie kirola egitea, beste pertsona batzuekin erlazionatzea. Batez ere denbora pasa bat da eta ikustean hain ondo pasatzen dutela, guri ere horrek asko betetzen digu".
Gipuzkoa osoko 10 urtetik 19ra bitarteko hamabost lagun elkartu dira gaurkoan eta beste behin erakutsi dute gainera, kirolak ez duela mugarik. "Batzuk ez dute aukerarik futbolean taldean jokatzeko, eta gaurkoa bezalako topaketen bitartez, behintzat aukera ematen diegu desgaitasunen bat dutenei ere futbolean euren artean jokatzeko", adierazi du Zubiak.
Parte-hartzaileak ere pozik
Antzuolako Gorka Fernandez izan da parte-hartzaileetako bat eta oso pozik azaldu da: "Esperientzia berezia da eta oso pozik gaude, ondo pasatzeko asmoz etorri gara. Gainera, futbola asko gustatzen zait eta gaurkoa aukera oso ona da bestela futbolean jokatu ezin dutenendako. Lagunak egiteko ere balio izaten du gaurkoaren moduko topaketek".
Bergarako Markel Barrocal ere oso gustura aritu da: "Oso ondo doa eta guztiei animatzen diet jokatzera etor daitezen. Futbola asko gustatzen zait, lagun guztiekin jokatzea atsegin dut".
Hurrengoa, Legazpin
Federaziotik, Zubiak esan du, hirugarren topaketa Legazpin egiteko asmoa dutela.