Datorren astean jarriko dute Seminarixoan zinema komertziala eskaintzeko pantaila

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko mar. 1a, 10:53
Argazkia: pxhere.com

Zinema komertzialaren denboraldia bitan banatuko dute: urtarriletik maiatzera bitartean eta urritik abendura arte. Zinema eskaintzeko instalazio elektriko ia guztia amaitu dute eta datorren astean pantaila eta horniketa guztia egitea aurreikusten dute.

Maiatzean hasiko dira zinema eskaintzarekin, eta, udako etenaldiaren ondoren, urrian itzuliko dira eskaintza gehiagorekin.

Ordutegia

Dagoeneko zehaztu dute ordutegia:

  • Barikuetan 22:00etan –hilean behin estreinaldi bat eskainiko dute–
  • Domeketan, 19:30ean helduena eta 17:30ean haurrena
  • Astelehenetan, 20:30ean helduena –ikuslearen eguna–

Proposamenak aurkez daitezke martxoaren 11ra arte

Seminarixoko zinema programaziorako filmak hornitzea eta filmen proiekzio zerbitzuaren kontratazio adjudikazio deialdia zabalik dago, eta proposamenak aurkezteko epea martxoaren 11ra arte izango da.

Horniketa eta instalazio lanak, aldiz, Bizkaiko Tecnica Cimematografica Loza enpresa dabil egiten. Instalazio elektriko ia guztia amaitu dute eta datorren astean pantaila eta horniketa guztia egitea aurreikusten dute.

Horniketa eta proiekzio gastuak

Zine zerbitzuaren horniketa eta proiekzioko gastua 2019 urteari dagokionez 30.979,72 euro izatea aurreikusten dute, eta 2020. urteari dagokionez 63.750 euro. 

Irisgarritasuna hobetze aldera

Zine programazioarekin batera, eta Aransgi elkartearekin lankidetzan bukle magnetikoa jartzea aurreikusten da. Izan ere, audiofonoa erabili arren, pertsona gorrek ez dute garbi entzuten. "Bukle magnetikoaren bidez, T posizioz hornitutako audiofono erabiltzaileek, entzuten den audioaren seinalea eraldatzen dute. Inguruneko zarata isolaturik, erabiltzaileek soinu garbia entzungo dute", esan du Elena Lete alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak