Bergarako komertzioetako langileak erreferente izango dituen erakusketa aurten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko ots. 27a, 11:45
Iazko erakusketaren irekiera.

Emakumeen biharra du izenburu hirugarren urtez jarraian eta Martxoaren 8aren bueltan antolatu den erakusketak. Aurten herriko komertzioetako emakume langileak izan dira erreferente erakusketa artikulatzeko. Adin guztietako 27 emakumek hartu dute parte: pintura, marrazkiak, collage, eskultura, argazkiak, bideo eta bideo instalazioak, tapizak… Martxoaren 7an inauguratuko da, Aroztegin (19:30), eta martxoaren 24ra arte egongo da zabalik.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, duela hiru urte hasitako bidea oso emankorra izan da: "Zeregin honek, herrian praktika artistikoan murgilduta dauden emakumeak kontaktuan jartzea, euren artean modu kolektiboan antolatzea eta euren ideia, iritzi, ardurak  eta produkzioak erakusketa baten bitartez plazaratzea du helburu".

Nabarmendu dute gizonezkoek oraindik ere erakusketak antolatzeko erraztasun gehiago dituztela: "Oraindik orain emakumeak subjektu aktibo gisa, bere lana erakusketetan erakusteko gizonezkoek baino askoz ere aukera gutxiago ditu (%22); aldiz, obretan, bere irudia da protagonista, ez gizonezkoena". 

Aroztegiko espazio guztia hartzera

Erakusketaren muntaia gaiarekin konkordantzian eta instalazio gisa planteatuko da, non obrak bata bestearekin erlazionatuko diren elkar eraginez. Espazio guztia okupatzen saiatuko gara, horma zein lurra.

Inaugurazio berezia

Emakumien biharra erakusketa martxoaren 7tik 24ra egongo da ikusgai.  Inaugurazioa martxoaren 7an izango da, eguena, Aroztegi Aretoan (19:30). Irekiera egunean, erakusketaz gain, Bergarako antzerki taldekoek performance bat egingo dute eta ondoren lunch eta Turtukinak DJ-k jarritako musikaz gozatu ahalko da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak