Honako hau da atzoko argazki horrekin batera prestatu duten oharra:
"Bergara urdin eta berdea, horrela dio gure herriaren ereserkiak. Hemen bildu garen 100 bergararrok gure herria daramagu buruan eta bihotzean. Bergara urdin eta berdea, baita gorri eta morea, koloretako herria lortzeak batzen gaitu.
Orain egun batzuk, Gorka Artolak alkategai izatea onartu zuenean, Bergararekin duen konpromisoagatik pausu bat aurrera ematea erabaki zuela adierazi zuen. Guk ere gauza bera egingo dugula adierazi nahi dugu, Gorka Artolarekin batera Bergararen aldeko pausua.
Hamaika kolore, hamaika adin, hamaika jatorri elkartu gara gaur hemen, Gorka Artolari esateko zurekin gaude, herriari esateko Bergararekin gaude. 100 bergararrek, milaka herritarri dei egiten dizuegu auzolanera, elkarlanera, indarrak biltzera. Uste dugulako Bergara hobeago bat eraiki daitekeela: herri biziago bat, kaleak eta komertzio txikiak bor-bor izango dituena; gazteei Bergaran bertan lan eta ondo bizitzeko etorkizuna ziurtatuko diena; nagusienei zerbitzu onak eta zaintza eskainiko diena; auzo guztien garapen orekatua bermatuko duena; aisialdiaz, kulturaz eta kirolaz gozatzeko Bergara; inor bazterrean geldituko ez den herria...eta noski emakumeok aukera berdintasunean bizitzeko aukera emango diguna.
Lan asko dugu aurretik, gu gaurtik aurrera Gorka Artolaren ekipokoak gara, babes taldekoak, horregatik Bergarak behar duen Herri Programa pentsatu eta eraikitzeari ekingo diogu. Eta zu, animatzen zara?".
Artolak esker on hitzak izan ditu adierazitako babesagatik: "Orain hiru aste eman nuen alkategai izateko pausua, ilusioz eta arduraz. Gaur hiru aste geroago, zuek guztiok emandako pausuak alkatetzarako bidea erraztuko du. Ilusioa eta ardura gehiago, Bergara hobeago bat eraikitzeko beharra eta gogoa azaldu duzue, elkarrekin merezi dugun herria izateko proiektua osatuko dugu. Zuek aipatu bezala hurrengo egun eta asteotan pertsona gehiago batuko dira proiektura eta gaurtik martxan jarriko dugu Herri Programa osatzeko prozesu parte hartzailea. Eskerrik asko".