Lehenengo zati "oso ona" jokatuta, Bergarak hiru puntuak eskuratu ditu

Arantzazu Ezkibel 2019ko ots. 23a, 16:03

Etxeko taldeak ordezko kamisetarekin jokatu du gaurko norgehiagoka Deusto Donostiaren aurka; hala ere, hori ez da aitzakia izan partidu ona egin eta lehia irabazteko (2-1). Garaipen honekin, Mikel Juaristiren taldeak hiru garaipen jarraian eskuratu ditu.

"Lehenengo zati oso ona jokatu dugu", hala azaldu du zein izan den garaipenaren gakoa Mikel Juaristi entrenatzaileak. Ondo jokatuta eta estrategia jokaldiak aprobetxatuta, etxeko taldeak 2-0 aurreratzea lortu du lehenengo zatian.

Atsedenaldira bi goleko abantailarekin

Lehenengo gola korner baten ondoren iritsi da, eta baloia sareetan sartu duena Luken Arriola izan da. Bigarrena, alderatze batean ondoren, Oier Jauregik egin du. 2-0ekoa alde zutela, etxeko taldeak ondo jokatu du eta aukerak izan ditu gol gehiago egiteko. Hala ere, atsedenaldira emaitza horrekin iritsi dira.

Bigarren zatian alde horri eustea izan da Bergararen nahia; baina, falta baten ondoren, hegaletik egindako jaurtiketa baten ondoren donostiarrek 2-1ekoa egin dute. Gol horrek partidua zerbait nahastu du. "Aurkariak gora etorri dira, eta guk lan egin dugu emaitza horri eusteko", gaineratu du Bergarako entrenatzaileak.

Gaurkoan, etxeko taldeak ordezko kamiseta gorriarekin jokatu du, donostiarrei ordezko kamiseta ekartzea ahaztu zaielako.

Hiru garaipen jarraian

Garaipenarekin pozik azaldu da Juaristi: "Garrantzitsua da hiru garaipen jarraian lortu ditugulako, eta modu horretan atzean utzi ditugu, 14 puntuko aldearekin. Ez gara goian egoteko lehiatuko, baina behintzat sentsazio onak izan ditugu eta bolada on honi eustea izango da gure helburua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak