Badator Pol-Polen Mendi Astea, otsailaren 25etik martxoaren 2ra

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko ots. 18a, 11:15
Xabier Payros bergararra izan zen Lofoteko (Norvegia) espedizioko kideetako bat. Argazkia: Barren.

Pol-Polen Mendi Astea otsailaren 25etik martxoaren 2ra izango da aurten eta ekitaldiak San Pedro kaleko lokalean izango dira, 19:00etan, martxoaren 2an Arrasateko Galarra koba ezagutzeko den irteera izan ezik; hilaren 18an, batzar orokorra egingo dute (19:00).

Otsailaren 25etik martxoaren 2ra izango da aurten Pol-Pol Mendizale Taldearen Mendi Astea. Ekitaldiak San Pedro kaleko lokalean antolatu dituzte, 19:00etan. Izena aurrez ematea komeni da; euren bulegoan edo pol-pol.menditaldea@hotmail.com helbide elektronikoan. Ekintzak, protagonisten ahotik Otsailaren 25ean, Joseba Elustondoren eta Jon Garateren Kotoizko zaindariak izeneko proiekzioa izango da protagonista. Patagoniako Cerro Torre mendian eginiko eskalada saioak jasotzen ditu.

Otsailaren 26an, Mikel Valdivieso beasaindarrak Ehun Miliak mendi lasterketaren antolaketaz egingo du berba. Otsailaren 28an, Ainhoa Lendinez elgoibartarrak eta Xabier Payros bergararrak Norvegiako Lofoten irlan mendiko eskia egiten bizi izandakoak kontatuko dituzte. Martxoaren 1ean, Aralar, Mundua leku den lurra izeneko dokumentala ikusi ahalko da; Aralarko ondare natural eta kulturalaren leiho izateaz harago, hausnarketarako bide ematen duen pelikula da.

Amaitzeko, martxoaren 2an, Arrasateko Galarra kobara irteera egingo dute. Arantza Otaduy historialariak eta Udalatx mendia ezin hobeto ezagutzen duen Jesus Mari Zuazubiskar Txosa-k gidatuko dute bisita; linterna eta aldatzeko arropa eraman behar dira.

Erakusketa eta batzar orokorra

Mendi Asteaz gain, Gorla Alpinoak taldearekin batera, Mendi Bete diru erakusketa irekiko dute Aroztegin, otsailaren 15etik martxoaren 22ra. Bestalde, otsailaren 18an, ezohiko eta ohiko batzar orokorra egingo dute euren lokalean, 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak