Sei urteko kartzela zigorra gizonezko bati, lau emakume sexualki erasotzeagatik

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko ots. 14a, 22:00
Indarkeria Matxista salatzeko Bergaran joan zen azaroan egindako ekimen bat.

Benito Cantero bergararrari 6 urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, lau emakumezkoren aurkako sexu abusuagatik. "Eraso matxista" salatzeko elkarretaratzea deitu dute Bergarako Martxanterek, gaurko, egubakoitzerako, 20:00etan, San Martin plazan.

Epaiak ezetsi egin du lau emakumezkoetako hiruk eskatutako sexu eraso zigorra. Kartzelatik irtetean, bi urte eta 6 hilabeteko urruntze agindua bete beharko du erasotzaileak eta, era berean, zaindutako askatasuna ezarriko zaio. Hain justu ere, bost sexu abusu delitugatik, 6 urte eta 3 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zaio: delitu bakoitzarengatik urtebete eta 3 hilabete.

Erasotzailea oso ezaguna da herrian, inprenta bateko jabe delako eta kultur arloan nabarmendu delako, besteak beste. 10 eguneko epea dauka epaia errekurritzeko.

2011, 2012 eta 2015ean

Kasua iazko udazkenean epaitu zen Donostian. 2011n, 2012an eta 2015ean gertatu eta epaitegian frogatuta geratu diren lau emakumezkoren –hiru bergarar eta antzuolar bat– bost sexu eraso kasurengatik. Aterpetxe baten, furgoneta baten eta erasotzailearen lantokian gertatutako kasuak dira. Halaxe kontatu dio GOIENAri sexu erasoa jasan zuen biktima bergararretako batek.

"Ez dut inoiz ahaztuko erasoa gertatu zen eguna. Lau urteko prozesua izan da. Oso gogorra" adierazi du. "Ez dut inorendako kartzela zigorrik nahi, baina gizon honek sexualki erasotu ninduen eta egindakoagatik ordaindu beharko du".

Hausnarketarako deia

Eraso matxisten aurrean, zure erantzuna. Zuen borroka, danon borroka lelopean, herritarrei dei egin diete Martxanterek gaurko, egubakoitzerako, 20:00etan, San Martin plazako elkarretaratzera batzeko. "Herritarrei eta gizarteari hausnartzeko eskatu nahi diegu; izan ere, halako kasuetan, sarri, zurrumurruei eta begirada txarrei aurre egin behar izan diete biktimek, min handia eginez" adierazi dute Bergarako Martxanterek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak