Eraberritutako Zubietako zubia zabalik dago Bergaran

Mirari Altube Arrese 2019ko ots. 12a, 08:26

Zubietako zubia atzoz geroztik dago zabalik. Zubieta auzoa "birgaitzeko eta irisgarritasuna zein mugikortasuna hobetzeko lan garrantzitsua" izan da Udal ordezkarien esanetan.

Lanen hasiera atzeratu egin bazen ere dagokion epean bukatu ahal izan dela adierazi dute, eta "emaitza denon gustukoa" izan dela.

Goitu Eraikuntzak SL enpresak egin ditu lanak eta 313.864 euroko aurrekontua izan dute. Horri aurre egiteko, gainera, 194.785 euroko   dirulaguntza jaso du Eusko Jaurlaritzatik.

Udal ordezkarien esanetan bi helburu nagusi izan ditu zubia eraberritzeak: "Batetik, herritar askoren mugikortasuna zein irisgarritasuna bermatzea; eta, bestetik, herriko ondarea den zubia hobetzea". Hain zuzen ere, zubi horrek ondare izendapena dauka, eta jasota dagoen haren gaineko lehen aipamena 1596ko apirilaren 21eko udal akta batean azaltzen da.

Lanen nondik norakoak

Honako lanak egin dituzte Zubietan: zubia bera birgaitu, fibrozementuko hoditeria kendu eta berriarekin ordezkatu, azpiegitura berriak ezarri, baranda egokiak jarri, argiteria berria ezarri (barandetan), zubira irisgarritasuna erraztu arrapala batekin, Zubieta kale aldera espaloi bat sortu eta zubiko altxaderak garbitu eta osatu, besteak beste.

Lanek aurreikusitakoa baino hamar bat egun gehiago iraun dutela gaineratu dute, eta bi arrazoi daudela horren atzean; batetik, eguraldiak ez erraztu izana, eta bestetik, lanak egin bitartean premia berriak antzematea. Horren eraginez, bi zebrabide altxatu egin eta margotu dituzte, eta semaforoendako azpiegitura bat gertatu era bai. Azken lan horiek ere Goitu Eraikuntzak SL enpresak egin ditu eta 38.080 euroko aurrekontua izan dute.

Errepide alboko espaloia oraindik ez dute zabaldu, hormigoia sendotu behar delako, baina bi aste barrurako erabilgarri egongo dela uste dute Udal ordezkariek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak