Mikel Aristik hirugarren egin du Frantziako Etoile de Besseges Itzuliko hirugarren etapan

Mirari Altube Arrese 2019ko ots. 9a, 18:47
Mikel Aristi eta Julen Irizar txirrindulari bergararrak.

Besseges herrian hasi eta bukatu den 158 kilometroko etapan hirugarren postua eskuratu du Euskadi-Murias taldeko Mikel Aristi txirrindulari bergararrak. Itzulia bihar bukatuko da erlojuaren aurka jokatuko duten 10,7 kilometroko etaparekin.

Euskadi-Muriaseko kideek jakinarazi dute gogor egin duela borrokan bergararrak, eta horren emaitza izan dela Niccolo Bonifazio (TDE) eta Bryan Coquard (VCB) txirrindularien aurretik sartu izana. Aristiren aurretik helmugaratu diren bakarrak izan dira Marc Sarreau (FDJ) eta Christophe Laporte (Cofidis).

Lorpen garrantzitsua

Aristik, berak, halaxe kontatu du etaparen nondik norakoa: "Orain arteko gogorrena izan da; irten eta segituan lehenengo mailako portu bat izan dugu, eta guztia eman behar. Sentsazio onak izan ditut eta aurreko taldean sartu ahal izan naiz. Benetan ere egun bizia izan da, oso bizkor joan gara, geratu ere egin gabe. Esprintean oso ondo sentitu naiz eta argi ikusi dut. Konfiantza nuelako egin dut aurrera eta bi txirrindularik bakarrik aurreratu naute helmugan".

Gaineratu du lorpen oso garrantzitsua dela: "Podiumean egotea garrantzitsua da, denboratxo bat neraman-eta emaitzarik lortu gabe; gainera, otsailean izatea hori, denboraldia hasi orduko, are eta hobea da. Garaipenaren bila borrokan ikusi dut neure burua eta horrek oraindik eta ilusio handiagoa egiten du lanean jarraitzeko". Omango Tourra izango du hurrengo erronka, eta gaur lortutakoak konfiantza handia eman diola onartu du.

David Echavarriren aginduetara dihardu Aristik taldekide dituela beste bergarar bat, Julen Irizar, eta  Aritz Bagües, Ander Barrenetxea, Urko Berrade, Juan Antonio Lopez Cozar eta Sergio Rodriguez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak