Espetxe politika berria eskatu du Bergarako udalbatzak, aho batez

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko urt. 29a, 11:23

Urtarrileko osoko bilkurako une bat.

Bergarako Gure Artera-Sare-k euskal presoen aurkako urruntze politikaren amaiera eskatzeko aurkeztu zuen mozioa aho batez onartu zuen udalbatzak atzo, urtarrilak 28. Bestalde, 2019tik 2021era arteko diru-laguntzen plan estrategikoaren onarpenak eragin zuen eztabaida gehien.

Mozioak eskatzen du, besteak beste, urrunketaren amaiera: "Bergarako Udalak bere desadostasuna adierazten du pertsona presoen urrunketa dakarren eta salbuespeneko isolamendu neurriak jasotzen dituen kartzela politikarekin. Espetxe politika berria behar da eta presoek familia erroetatik ahalik eta gertuen egon behar dute Euskal Herriko espetxeetan".

Gure Artera-Sare-ren izenean hitz egin zuen Aittor Arantzabalek eta udalbatzari eskerrak eman zizkion mozioa aho batez onartzeagatik: "Espetxe politika hau behin betiko amaitzea lortu behar dugu, denon artean. Adostasuna lortzeko jarraitu dugun lan ildoak aukerak ematen dizkigu etorkizunera begira ate berriak irekitzeko".

Aittor Arantzabalek hitza hartu zuen Gure Artera-Sare dinamikaren izenean.

Elena Lete alkateak nabarmendu zuen "lanketa handia" egin dela Gure Artera-Sare-rekin mozio honen bueltan eta "adostasun maila altua" lortu dela adierazi. "Egon dira puntu batzuk adostasuna ez duguna lortu eta horregatik aipatu dut min guztien aitortza izan beharko litzatekeela abiapuntua".

Diru-laguntza lerroak, eztabaida iturri

Urteko lehen osoko bilkurako eztabaida gai nagusia 2019tik 2021era arteko diru-laguntzen plan estrategikoa izan zen. EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zen, EH Bildu eta Irabazi abstenitu ostean. EAJren eta EH Bilduren artean eman zen eztabaida. Oposizioko talde nagusiak salatu zuen, besteak beste, lanketarik egin gabe eta adostasunetara heltzeko borondaterik gabe diru-laguntza lerroak bozkatzera eraman izana. EAJk dio plana dinamikoa eta arina dela eta lerroz lerro aldaketak egiteko aukerak badaudela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak