Txurrukak ilusioz zuzendu du banda lehen aldiz, Gonzalez Chirlaqueren besarkada eta batuta jaso ostean

Amaia Txintxurreta Guridi 2019ko urt. 27a, 14:13

Ekainetik aurrera bandako zuzendari berria izango denak kontzertuaren aurretik adierazi du "urduri, baina ilusioz" zegoela, eta herritarren txaloek erakutsi dute ondo baino hobeto zuzendu duela bere lehen abestia publikoaren aurrean.

Enrike Txurrukak hartuko du Alfredo Gonzalez Chirlaqueren Bergarako Musika Bandako zuzendari kargua ekainean. Dena dela, soraluzetarrak gaur estreinakoz zuzendu du abesti bat jendaurrean. Eguerdian Udal pilotalekuan eman duten kontzertuan izan da hori. 500 lagun inguru joan dira emanaldiaz disfrutatzeko asmotan.

Bandako musikariak euren lekuetan zeudela eta publikoa ere dagoeneko lekuak hartuta zegoela, musikariek zutik hartu dituzte jendaurrean Gonzalez Chirlaque eta Txurruka. Publikoa agurtu dute biek eta Gonzalez Chirlaquek batuta eskutan hartu du gero. Besarkada estu bat eman dio Txurrukari eta horren ostean batuta eman dio. Gonzalez Chirlaque publikoa egoten den lekuan eseri da, eta Txurrukak hartu du zuzendari kargua. Donostia kantua zuzendu du eta herritarrek txalo zaparradarekin erantzun diote. Ondoren, Gonzalez Chirlaqueri eman dio berriro batuta, eta musikari postua hartu du orain arte moduan Txurrukak. Gaur egungo zuzendariak jarraitu du gainontzeko kantuak zuzentzen.

2019ko egutegia

Bergarako Musika Bandak hainbat emanaldi izango ditu aurten ere. Hauek dituzte aurreikusita:

  • Martxoaren 1ean, Aratusteetako kontzertua Udal pilotalekuan.
  • Apirilaren 7an, kalejira eta kontzertua Udal pilotalekuan.
  • Maiatzaren 12an, kontzertua Udal pilotalekuan.
  • Ekainaren 7an, Bergarako jaietan, kalejira.
  • Ekainaren 9an, Bergarako jaietan, kontzertua Espoloian.
  • Ekainaren 23an, kalejira eta kontzertua Espoloian.
  • Uztailaren 21ean kalejira eta kontzertua Udal pilotalekuan.
  • Irailaren 15ean, San Martin jaietan, danborrada.
  • Irailaren 16an, San Martin jaietan, kalejira eta kontzertua San Martin plazan.
  • Urriaren 20an, kontzertua Osintxuko frontoian.
  • Azaroaren 24an, Santa Zezilia egunez, kalejira eta kontzertua Udal pilotalekuan.
  • Abenduaren 21ean, Gabonetako kontzertua, Udal pilotalekuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak