Enrike Txurruka: "Bergararrek ondo hartuko nautela uste dut"

Maialen Regueiro 2019ko urt. 25a, 17:18
Enrike Txurruka eta Alfredo Gonzalez Chirlaque

Alfredo Gonzalez Chirlaquek 33 urte egin ditu Bergarako Musika Bandako zuzendari, eta, ekainean, Txurrukak hartuko dio erreleboa, San Pedroko kontzertuan. 

Txurruka soraluzetarra da, baina 18 urte zituela Bergarara etorri zen bizi izatera. Dagoeneko hogeita hamar urte daramatza Bergarako Musika Bandako kide izaten, eta ekainean, gaur egungo zuzendari Alfredo Gonzalez Chirlaquek erretiroa hartzen duenean, hura izango da zuzendari berria.

Nola hartu zenuen zuzendari izateko aukera? 

Beti ibili naiz beste kontu batzuetan eta musika zaletasuna izan da niretzat. Egia da aukera sortu zenean inguruko jendeak asko animatu ninduela, baina, batez ere, oso garrantzitsua izan da Alfredok berak animatzea, eta horrek izugarrizko konfiantza eman dit.

Nola bizi izan duzu aukeraketa prozesua? 

Hobeto prestatzen aritu naiz nire aldetik, baina egia da urduri egon naizela. Prozesu polita izan da, bandako kide guztien babesa izan dudalako.

Esperientzia berriari ekiteko gogotsu zaude. 

Noski. Batez ere, gehiago ikasteko gogoa daukat. Niretzat, izugarrizko erronka izango da, baina gogotsu nago, eta ilusioz.

Ikusten zenuen zeure burua zuzendari?

Gazte nintzela sartu nintzen bandan, eta momentu hartan ez nuen horrelakorik sekula pentsatuko. Egia da aukera hau gerturatzen joan den heinean eta, gehienbat, inguruan izan dudan babesagatik animatzen joan naizela.

33 urtez zuzendari lanetan aritu dena ordezkatuko duzu.

Gogotsu nago esperientzia honi hasiera emateko, baina kontziente naiz zein ordezkatu beharko dudan. Izugarrizko erronka izango da niretzat Alfredoren erreleboa hartzea, baina egia da Alfredo aspaldidanik ezagutzen dudala eta harengandik asko ikasi dudala.

Sei hilabete hauetan zuzendariordea izango zara, eta trebatzeko aukera izango duzu.

Nik pianoa ikasi nuen, eta ondoren, Alfredok perkusioa jotzen jarri ninduen. Kontziente naiz zuzendari izateko trebatu beharra dudala, eta, horregatik, egin beharreko ikastaroak egingo ditut.

Igandeko kontzertuko lehen obra zuk zuzenduko duzu.

Urduri nago, hau berria delako niretzat, baina, era berean, gogotsu. Bergararrek dagoeneko ezagutzen naute, bakarka ere aritu naizelako. Hala ere, kontziente naiz Bergarako herriak Alfredori dion estimuaz, urte asko egin dituelako bai Bandako kide eta baita zuzendari, baina uste dut herritarrek ondo hartuko nautela.

Zuzendari gisa, ekainean emango duzu lehen kontzertua.

Ekainera arte zuzendariordea izango naiz eta, hain zuzen, San Pedroko kontzertua izango da nire lehenengoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak