Bergarako EH Bilduk maiatzaren 26an egingo diren udal hauteskundeetarako alkategaia aukeratzeko barne prozesua jarri zuten abian pasa den abenduan. "Aukeraketa prozesu hau bere amaierara iristen ari da, eta gure alkategaia aukeratzeko azken pausoak ematen ari gara", diote.
"IIusioz eta gogotsu" lan egitera
Horregatik, aditzera eman dute urtarrilaren 29an –UNEDen izango da, 19:00etan hasita– egingo dutela Bergarako EH Bilduren proiektuaren lidergoa eramango duen pertsona aukeratzeko herri batzarra: "Gure herriak merezi duen tamainako proiektua osatu eta bideratu nahi dugu. Ilusioz eta gogotsu lan egingo duen lantalde bat eratu, alegia. Lantalde eta proiektu horren lidergoa eramango duen alkategaia aukeratzeko herri batzar baterako deia luzatu nahi dugu".
Alkate eta zinegotzi ohien babesa
Herri batzarra deitzeko alkate eta zinegotzi ohien argazki bat helarazi du EH Bilduk; tartean daude Bergarako alkate izan ziren Jose Luis Elkoro, Agurne Barruso, Jesus Elortza eta Jaione Isazelaia, besteak beste.