Bergara pilota elkarteko Ander Muruak eta Ander Etxanizek Soraluzeko lau t'erdikoa jokatuko dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko urt. 19a, 10:00

Urtarrilaren 29an hasiko dute Soraluzeko lau t'erdiko pilota txapelketa. Aurtengoa bederatzigarren aldia izango da kaiolako txapelketa antolatuko dutena, eta Bergara pilota elkarteko bi pilotari izango dira txapelketan: Ander Murua arrasatearra eta Ander Etxaniz bergararra.

Zuzendaritza berriak orain arteko eredu berarekin jarraitzea erabaki du; aurreko zuzendaritzak hasitako bidearekin, alegia. "Afizionatu mailan aurrean dabiltzan pilotariak ekartzen saiatu gara; baina, horrez gain, etxekoei ere lekua egin nahi izaten diegu", azaldu du zuzendaritza taldeko Julen Aranburuk. Hala, aurten, Bergara pilota elkarteko bi pilotari izango dira txapelketan: Ander Murua arrasatearra eta Ander Etxaniz bergararra.

Ander Etxanizek bigarren jardunaldian jokatuko du: otsailaren 5ean. "Gazte mailako pilotaria da, baina pilotan asko egiten duena. Aukera eman nahi izan diogu promes mailan jokatzeko", dio zuzendaritza taldeko Aranburuk. Ander Ruiz de Larramendiren aurka jokatu beharko du bergararrak.

Txapelketan jardungo duen beste taldekidea Ander Murua arrasatearra izango da; horrek ere promes mailan jokatuko du: "Promes mailan DV txapelketa irabaztetik dator; gantxo ona duen pilotaria da", dio Aranburuk. Muruak hirugarren jardunaldian egingo du debuta, otsailaren 12an, Josu Olaetxearen aurka.

Aurrean dabiltzan pilotariak

Maila handiko pilotariak ekarri dituzte txapelketara, zaleak erakarriko dituztenak. "Afizionatu mailan aurrean dabiltzanak ekartzen saiatu gara. Bat baino gehiago nabarmenduko da, baina, izenen bat ematearren, Egigurenek nagusitasuna erakutsiko duela uste dut; horrez gain, Salaberria bera, Lerena... badaude beste txapelketa batzuk irabaztetik datozen pilotariak", dio Aranburuk. Beste txapelketa batzuetan goian ibili diren pilotariak ikusteko aukera egongo da frontoian: "Uste dugu oso kartel ona osatu dugula, eta
espero dugu aurreikusi moduan joatea dena eta ordezkapen gutxi egin beharra izatea", nabarmendu du.

Txapelketa asko jokatuko dituzte

Gaineratu du txapelketa asko antolatzen direla eta txapelketa gehienetan aurrean dabiltzan pilotariak etorriko direla: "Beste partidu batzuetarako zaindu beharragatik, eskuengatik, ikasketak direla... beti egoten dira ordezkapenen batzuk egin beharra", dio Aranburuk.

Partiduak martitzenetan izango dira, 19:30ean. Martxoaren 12an izango dira finalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak