Matxiategiko ezkien erdiak bota egingo dituzte, segurtasunagatik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko urt. 11a, 15:00
Matxiategi kaleko ezkiak, artxiboko argazki batean.

Bota egingo dituzte Matxiategi kaleko pasealekuan dauden 32 ezkien erdiak, "gutxi gorabehera". Arrazoietako bat da, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Lander Arregiren arabera, bizilagunen eskaera bat dela; fatxadetatik gertuegi daudela kexatu direlako eta batzuk ez daudelako osasuntsu, 16 zuhaitz botako dituzte.

"Zuhaitz horietako batzuk altu daude, eta fatxadatik oso gertu. Hilerrian, hor bertan, duela ez asko erori zen bat, eta beldurra zabaldu da. Horrez gain, segurtasunagatik ere, batzuk ez daude osasuntsu; espaloi askotan gertatzen denez, lurra altxatuta ere, askotan, ez da jakiten azpian zer dagoen. Egoera ez da oso larria, baina batzuk kendu egingo ditugu. Poliki joango gara, botatzen goazen heinean enborrak ondo begiratzen", adierazi du Arregik. Hala ere, pasealeku izaera mantendu gura diote guneari; asmoa da egunotan pare bat botatzea eta pixkanaka joatea gainerakoak ere botatzen.

Kontrolik gabeko fauna, "arazo"

Esku-hartze honetarako hirugarren irizpide bat ere zehaztu du Arregik: "Altuera aldetik desorekatuta daude zuhaitz batzuk, ia 20 urteko aldearekin landatu zirelako. Txiki batzuk handien itzalpean bizi dira, ezin hazi, eta lekualdatu egingo ditugu".

Bestalde, paraleloki lanean ari dira Matxiategi barrualdeko belar altuetan: "Bizilagunak kexatu izan dira katuak sartzen direlako, eta Gabonen aurretik konturatu ginen arkakusoz beteta zegoela eremua. Katuak, saguak, arkakusoak... fauna bat sortu da hor, kontrolatzeko oso zaila dena". Belar altu horietako batzuk kentzen edota murrizten hasiak dira dagoeneko: "Belar horiek ez dute mantenu lan handirik eskatzen baina denboraren poderioz beste arazo batzuk sortu dituzte; arazo larria da, kontrolatu beharrekoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak