Haurrentzako 'Musikarium' ikuskizuna estreinatuko dute domekan Seminarixoan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko urt. 9a, 17:27
Oihan Vega eta Xabier Zabala gaur, eguaztena, 'Musikarium' ikuskizunaren aurkezpenean. Argazkia: Ritxi Aizpuru

Zuzeneko musika duen ipuin musikatua da, baina kontzertu didaktiko baten ezaugarriak ere badituena. Baga Biga Produkzioak-ek ekoiztu du, Oihan Vega bergararrak idatzi du gidoia, eta eskarmentudun musikariek interpretatzen dituzte Xabi Zabalak konposatutako doinuak. Gaur aurkeztu dute Donostian komunikabideen aurrean, eta domekan estreinakoz eskainiko dute Seminarixoan, 18:00etan.

Oihan Vegak eskarmentua du haurrentzako antzezlanak eta musikalak egiten, eta halaxe jaso zuen Baga Biga-tik ikuskizun berri bat egiteko eskaera: "Musika berbagai edo oinarri daukan eta kontzertu didaktiko ezaugarriak dituen antzezlan bat egiteko proposatu zidaten. Ohore handiz hartu nuen eskaera, eta segituan hasi nintzen gidoia idazten. Musikaria naizenez, musika konposatzeko prest nengoela azaldu nien Baga-Bigakoei, eta harrituta eta pozik hartu nuen Xabi Zabala konposatzaile ezagunak egingo zuela esan zidatenean; eta are gehiago, Igor Torre –Euskadiko Orkestrako biolin-jolea eta kamera orkestrako kontzertinoa, Luis M. Moreno Pirata –Buenafuenteren telebista saioko musikaria– eta Igor Telletxea ere ikuskizuneko kide izango zirela adierazi zidatenean. Azken bi horiek bata bestearen ordezko izango dira", azaldu du Vegak.

Askotariko osagaiekin egindakoa

Taularen gainean hiru musikari izango dira eta, musika jotzeaz gainera, narratzaile lanetan ere jardungo duela azaldu du Vegak: "Ipuin musikatu bat da, kontzertu didaktiko batekin nahastuta, non istorioaren aitzakia hartuta haurrei erakutsiko zaien adibidez, musika tresna ezberdinak, kultura eta herrialde ezberdinetako musikak, musikaren eta hizkuntzen artean dauden loturak, hizkuntza ezberdinak… Eta hori guztia sakelako telefonoen gaia ere ekarrita; izan ere, gazteei erakutsi gura diegu tresna beharrezkoa eta onuragarria den arren, erabileraren arabera arriskutsuak ere izan daitezkeela".

Aipatutako musikariez gainera, Ilargi, zortzi urteko neskatila da Musikarium  istorioko protagonista, hezur-haragizkoa beharrean, marrazki bizidun moduan aurkezten dutena taularen gainean dagoen pantailan: "Olentzerok mugikorra oparitu dio eta harrezkero ez du telefonoaz jolasteaz gainera besterik egiten, baina mugikorrak badu dohain berezi bat, hau da, gehiegizko erabileragatik maite duzun hori kentzen dizu. Ilargiri ahotsa kenduko dio, eta ondorioz, ezingo du kantatu; hortaz, Mari Domingik edabe bat prestatuko diola esan dio baina horretarako munduan zehar bilatu behar dituen osagaiak behar dituela. Abiapuntu horretatik narratzaileak eta Ilargik elkarrekin ipuinaren haria eramango dugu eta, bien bitartean, musikariak musika tresna ezberdinak jotzen eta partekatzen ibiliko gara".

Estreinaldia, Bergaran

Ordubeteko iraupena du ikuskizunak eta hamar urte bitarteko haurrentzako sortutakoa da. Domekan estreinatuko dute Bergaran, eta ari dira dagoeneko emanaldi gehiago ere lotzen. "Sekulako ilusioa egiten dit nire herrian estreinatzea, baina, duda barik, ahalik eta toki gehienetan eskaini gura dugu". Sarrerak lau eurotan eros daitezke leihatilan edo aurrez, Ticket.kutxabank.es atarian. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak