Aurreko ediziotako irabazleak gonbidatuta, berezia izango da aurtengo San Silvestre traila

Mirari Altube Arrese 2018ko abe. 27a, 12:45
Lasterkariak iazko lasterketan.

Hankaluze Trail Bergarako Mendi Lasterketa Taldeak bosgarrenez antolatu du Peugeot Etormobil Sari Nagusia San Silvestre lasterketa abenduaren 31rako, eta hori ospatzeko aurreko ediziotako irabazleak gonbidatu dituzte. Guztira 350 korrikalarik jardungo du nor baino nor gehiago sei kilometro eta erdi dituen ibilbidean.

Iñigo Alzola, Oihana Azkorbebeitia, Garazi San Pedro, Ainhoa Lendinez eta Maite Maiora dira gonbidatuetako batzuk, eta lasterketan izango dira. Batzuek bakarka jardungo dute, eta beste batzuek lasterketa mistoa egingo dute bikotekidearekin. "Aurreko ediziotako irabazleak gonbidatu arren trailak sorreratik duen herri izaera ez diogu kendu gura izan. Bergarako eta Debagoieneko lasterkariak izango dira nagusi, nahiz eta Madriletik edo Murtziatik ere etorri", adierazi du Josu Letek, antolatzaile taldeko kideak.

Bikote misto modalitatea iaz jarri zuten, emakumeen parte-hartzea sustatze aldera; baita lortu ere: "Hirukoiztu egin zen emakume kopurua iaz, eta hori jakinik, aurten ere bultzatu dugu. Eta igarri dela esan genezake".

Azken urtea ohiko ibilbidearekin

Sorreratik izan du arrakasta handia San Silvestre trailak, eta horren adibide da aurten, bakarkako lasterketaren izen-ematea 24 ordutan bete egin izana (230 lagun): "Euskal Herrian ez dago mendian egiten den beste San Silvestrerik, eta gurean mendi lasterketak oso gustuko dira. Motza da, gainera, eta probatzera etorri izan da jendea. Festa giroan egiten da baina norgehiagoka baztertu barik", dio Letek eta gaineratu du: "Lehen urtetik gora egin du kopuruak baina topea jarrita dugu. Ezetza esatea ez da gustuko, baina masifikaziorik ez dugu gura, lasterkarien kaltetan izaten da eta".

Ibilbideak sei kilometro eta erdi ditu eta 300 metro inguruko desnibela. "Orain arteko ibilbidearen azken urtea izango da seguru asko; izan ere, lursail pribatuak daude tartean. Datorren urtean ikusiko da zer egingo dugun", jakinarazi du.

Astelehenerako eguraldi ona iragarrita dagoelako pozik agertu da antolatzaile taldeko kidea, eta lasterketarekin gozatu eta minik hartu barik bukatzea desio die korrikalari guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak