Musika eskolaren lehenengo 'flashmob'-a, bihar

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko abe. 14a, 13:00

Bergarako Musika Eskolako kideak Santa Zezilia egunean.

Ekintza irekia da eta 13:00etarako egin dute hitzordua, Irala kalean. Asmoa da Jesus, joy of man's desiring pieza jotzea eta grabatutako materialarekin bideo bat egitea. Antolatzaileek esan dute adin askotariko musikariak elkartzea dutela helburu.

"Lehenengo aldia da eta esperimentu bat izango da. Prestatu ditugu umeak eta egin ditugu entseguak, baina, erronka berriekin gertatzen den moduan, unea iritsi arte ez dugu ikusiko emaitza zein den", adierazi du, irribarrez, Musika Eskolako zuzendari Marije Ugaldek.

Antolatzaileek 200 bat lagun espero dituzte biharko, zapatua, Irala kalean; izan ere, bertan egin dute hitzordua 13:00etarako. Proiektua Jose Miguel Laskurain irakasleak proposatutako eta gauzatutako egitasmoa dela esan du Ugaldek, eta lan-dinamika polita sortu duela eskolan.

Herritar guztiak daude parte hartzera deituta, eta, bereziki, musikarekin lotura dutenak. Orkestra zein Musika Banda ere gonbidatu dituztela jakinarazi du Ugaldek. Jose Miguel Laskurainek, berriz, adierazi du garrantzitsua dela neska-mutikoek jendaurrean jotzea. "Buruz joko dute, eta kaleak eskaintzen duen ingurune informal horretan. Gainera, ekitaldi ireki bat egiten ahalegindu gara eta horrek sinergia berriak eragin ditzake herriko taldeen artean. Helburu nagusia, azken finean, ondo pasatzea da", esan du.

Irala kaleko mutur batean hasiko da akzioa eta poliki-poliki mugitzen joango da musikari batzuek hurrengoei lekukoa emanez. Musikariak zein abeslariak izango dira protagonista flashmob horretan, baina publikoa eta grabaketa lanak egiteko jendea ere behar da. Animatzen diren guztiek izango dute lekua Irala kalean.

Bach konpositorearen obra bat

Musika eskolako arduradunek J.S. Bach konpositorearen Jesus, joy of man's desiring pieza aukeratu dute. "Obra oso ezaguna da. Gainera, alaia da eta egokia abesteko. Instrumentuarekin jo behar dutenendako badu zailtasun tekniko apur bat, baina disfrutatzeko moduko pieza da", azaldu du Laskurainek.

Biharko grabaketekin bideo bat egingo du musika eskolak eta Youtube bitartez zabalduko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak